30 estaturen bilera
Gaur, Europako Batasuneko 25 estatuetako Osasun ministroek bilera egingo dute Errumania, Bulgaria, Turkia, Kroazia eta Mazedoniakoekin batera. Ezohiko batzarra izango da, propio hegazti gripearen bilakaera aztertzeko. Bileran Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) kideek ere parte hartuko dute, beste hainbat aditurekin batera.
Indian ere bizkor zabaltzen ari da eritasuna. Osasun agintariek, arduratuta, Navapur hiria Ðmendebaldean dagoÐ eta inguruko hainbat herri bakartzea erabaki zuten atzo. 200.000 hegazti akabatu dituzte, eta 3,5 milioi arrautza erretiratu dituzte merkatutik. Hala ere, gaitza pertsonengana iritsi den susmoa dute.
NEURRIAK
Espainiako Gobernuak deitutako bileran hegaztiak etxaldeetan ez ixtea erabaki dute
Atzo bilera egin zuten Espainiako Nekazaritza Ministerioko arduradunek autonomia erkidegoetako arduradunekin. Elkarrekin gaitzari aurre egiteko neurriak eztabaidatzen aritu ziren, eta, oraingoz, hegaztiak ixteko agindurik ez ematea erabaki zuten. Madrilgo autonomia izan zen erabaki horren aurrean uzkur agertu zen bakarra, eta beren kabuz, hegaztiak aire librean haztea galaraztea erabaki dute bertako agintariek.
Gainerakoan, bileran parte hartu zuten agintariek, hartu beharreko neurriak taxuz hartu direla esan zuten, eta nekez konpon daitekeela deus hegaztiak etxaldeetan itxita. Nolanahi ere, etorkizunean erabaki ezinbestekoa gertatzen bada, badaezpada ere, plan bat pentsatzea erabaki zuten, kasu horretan egin beharreko urratsak behar bezala egiteko.Nekazaritza Ministerioak, halaber, autonomia erkidegoen esku utzi du babes berezia behar duten lekuak zerrendatzeko aukera. Lehendik ere izan zuten autonomia erkidegoek gaitzaren inguruan babes handien behar duten padura eta natur guneak zerrendatzeko aukera Ð25 aipatu zituzten deneraÐ, eta, orain, gaitza zabaltzen ari dela eta, zerrenda horiek berriro osatzeko aukera emango zaie. Gaur arteko epea jarri zien atzo Ministerioak egiteko horretarako. Leku horietan ezarri nahi diren babes neurriak moldatzeko aukera izango dute autonomia erkidegoek, toki bakoitzeko beharretara egokitzeko.Hegazti gripearen inguruan zabaldu diren lasaitasun mezuak ondo iritsi eta ulertu direla esan zuten, eta hegazti haragiaren kontsumoa ez dela asko jaitsi. Iaz garai honetan saltzen ari ziren baino %6 gutxiago saltzen ari dira, Europako beste leku askotan baino dezente gehiago.