Greenpeace taldeak ontzien inguruan egiten ari den kanpainaren koordinatzailea da Marietta Harjono. Krosko bakarreko ontziak erretiratzeko arauaren jarraipena egiten ari da.
Astearterako EBko 300 ontzi inguru kendu behar zituzten itsasoetatik. Non daude egun horiek?
Asko lanean ari dira oraindik. Ikerketa egin genuenean oso zaila gertatu zitzaigun informazioa lortzea, ezkutukeria nagusi delako nazioarteko erakundeetan. Maltako ontzien erregistrora joan ginen eta ez ziren gauza izan hango zenbat ontzi erretiratu behar ziren esateko. Informazioa ez da publikoa askotan. Bandera aldatzen dute etengabe, eta galdu egiten da ontzien lorratza. Horrez gain, nazioarteko legedia izugarri korapilatsua da. Gure ustez, araudia ez dira indarrean jartzen ari munduko herrialde guztietan. Izan ere, sekulako pizgarria dute petroliontzion jabeek hauek itsasoan lanean jarrai dezaten. Egunero 110.000 dolar inguru irabaz ditzake ontziotako bakoitzak. Horregatik egin dugu aste honetan azterketa bat Gibraltar inguruan, ontzion bila, eta 40 bat aurkitu ditugu.
Zein bide erabiltzen dituzte legedia saihesteko?
Lan eremua aldatzea da bideetako bat. Ez dira Europara edo Ameriketako Estatu Batuetara joango, azterketen beldur, baina Asian jarraituko dute, esaterako. Beste bide bat honako hau da: aldaketak egin ontziari eta azterketa eskatu. Horrela, epea luzatzen dizute legez. EBko ontzien kasuan, bandera aldatu dute nagusiki. Ezin dizut zenbakirik eman, ordea.
Bandera aldatuta ere, jabeak ez dira aldatzen, europarrak dira?
Bai, etekinak ere Europara etortzen dira gero ere. Kontrolak eta azterketak, berriz, beste herrialdearen esku gelditzen dira. Azken modako bandera Mongoliakoa da. Itsasorik ez duen herrialde batena, alajaina. Azken orduko adibide bat emango dut: Kanadako lehen ministro Paul Martinen familiak Ferbec izeneko ontzi bat izan du 25 urtez. Ontziari erretiroa heldu zaionean saldu egin dute. Michalakis izenarekin eta Mongoliako banderapean atera zen martxoan Montrealdik, agintariei ohartarazi gabe. Orain, Asia hegoaldeko hondartza baterako bidean da.
Nolako eragina izango du han?
Oso larria da herrialde txiroetako hondartzetan gertatzen ari dena. Jendea hiltzen ari da, abandonaturiko ontzietan bilduriko gai toxikoen eraginez, batez ere lehertzen direnean. Bangladesh eta Indiako hondartzetan dagoeneko dauden zabortegiak betetzen jarraitzeaz gain, beste hondartza batzuetara jotzen ari dira orain.
INGURUMENA. MARIETTA HARJONO. «EBko ontzi gehienek bandera aldatu eta lanean segitzen dute»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu