Zenbait zientzialarik garai hartan izurri beltzaren eraginez hildakoen gorpuetan bakterio horren aztarnak aurkitzea zuten helburu. Baina ez dute espero zuten emaitza lortu. Alan Cooper Oxfordeko Unibertsitateko Biomolekula Zaharren Ikerketarako Zentroko zuzendariaren arabera, askok izurri beltzaren sorburua Yersinia dela uste dute. «Horrelako ideiak egiaztatu egin behar ditugu, baina oraingoz, ez dugu hori frogatzerik lortu», nabarmendu du Cooperrek.
Arma biologikoa
Egun, Yersinia bakterioak jende asko kutsatzen du tropikoetan, baina horiek ez dute izurri beltza garatzen. Asko, baina, beldur dira herrialde boteretsuek ez ote duten bakterioa arma biologiko bezala erabili, eta beste izurrite bat eragingo. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna izandakoan, ustez 1.500 tona arma biologiko egiten zituzten bakterio horren bidez. Horrelako zurrumurruek bultzada handia eman zioten gaitzaren inguruko ikerketari.
Susan Scott eta Chris Duncan Liverpooleko Unibertsitateko, Erresuma Batuko, ikertzaileen arabera, bestalde, ez da Yersinia izan izurri beltza eragin zuena. Scott eta Duncanek gaitzaren inguruko datu historikoak aztertu dituzte, eta, euren esanetan, ebola sortzen duenaren antzeko birus hemorragiko bat izan zen izurritearen iturria.
Duela hiru urte, Didier Ralout Frantziako Marseillako Unibertsitateko zientzialariak XIV. mendean, ustez izurri beltzaren eraginez hil ziren hiru pertsonen hortzetako laginak aztertu zituen. Raloutek jakinarazi zuenez, aztertutako ADNan Yersinia bakterioaren aztarnak aurkitu zituzten.
Beste hainbat zientzialariren arabera, ordea, ezinezkoa da hiru pertsona horiek izurri beltzaren eraginez hil zirela ziurtatzea.
Duela gutxi, Cooper eta beste hainbat ikertzailek Erresuma Batuan, ustez izurri beltzaren ondorioz hil ziren 66 pertsonaren 121 hortz ikertu zituzten. Horrez gain, ikertzaile taldeak Danimarkako, Herbeheretako eta Frantziako kasuak ere aztertu zituen. Joan den astean, baina, zientzialari taldeak ez zuela Yersinia bakteriaren arrastorik aurkitu onartu zuen.
Cooperren esanetan, Raoulten ikertzaile taldeak laginak kutsatu zituen. «Duela hilabete batzuk egungo Yarsinia-ren arrastoak aurkitu genituen Raoultek erabilitako laginetan. Beraz, argi dago berak aurkitutakoa bakterio hori izan zela, eta ez, antzinakoa», nabarmendu zuen Cooperrek joan den astean Erresuma Batuan eskainitako hitzaldian.
Cooperren esanetan, gaixotasunaren sorburua aztertu ahal izateko, garai hartako birusa lortu ahal izatea izango litzateke egokiena, «baina hori ia ezinezkoa da».
IZURRI BELTZA
Europako mendebaldean, 25 milioi lagun inguru hil zituen
Itxura guztien arabera, Indian hasi zen izurri beltza (1346). Mediterraneoko Ekialdeko portuetara hedatu zen handik, eta, ondoren, itsasontzi genoarrek Mendebaldera eraman zuten. Izurria Europako mendebalde osora zabaldu zen, ustez arkakuso eta arratoien bidez. Orduko datuen arabera, izurri beltzak Europako Mendebaldeko populazioaren herenak hil zituen, 25 milioi lagun inguru.
Kaffan (Krimea) kutsatutako itsasontzi genoar bateko eskifaiak ekarri zuen gaitza Europara. Italian hasi (1348) eta urtebeteren buruan Proventza, Languedoc, Frantzia eta Europa erdialdean barrena zabaldu zen izurritea. Hurrengo urteetan (1349-1350), Erresuma Batura, Europa iparraldera eta Eskandinaviara zabaldu zen. Herrialde eta eskualde gutxi batzuk baino ez ziren salbatu: Herbehereak, Biarno, Frankonia, Bohemia eta Hungaria. Herrialde batzuetan populazioa nabarmen jaitsi zen, bestalde. Txinan eta Indian, esaterako, gaitzaz kutsatu zirenen %90 hil ziren. Hala, orduko kroniken arabera, populazioa erdira murriztu zen izurritearen ondorioz. Jende askok kalean bizi ziren eskaleen aurka egin zuen orduan, gaitza zabaldu izana egotzita.
Bestalde, historialari askok Europa mendebaldean, Erdi Aroaren hondarretan, izan zen krisi latzaren eragile izendatu dute izurri beltza.