Entziklopedietan legenarraren (Hansesen gaixotasuna) inguruan jasotakoa hankaz gora jarri du Frantziako genetista talde batek. Legenarra Indian sortu zela uste zen orain arte, eta Armada Erromatarrak ekarri zuela Europara. Pasteur Institutuko (Paris, Frantzia) genetisten arabera, baina, Indian barik Afrika ekialdean edota Ekialde Hurbilean piztu zen gaitza, eta kolonialismoak eta esklabo merkataritzak zabaldu zuten gero mundura. Gaur egun, gaixotasun endemikoa da legenarra eta eskualde tropikal edo subtropikal askotan agertzen da. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, ia milioi erdi lagun kutsatzen dira urtero legenarraz.
Armauer Hansen Norvegiako medikuak identifikatu zuen legenarraren eragilea, 1876. urtean. Mycobracterium leprae izeneko baziloa makila formako bakterioa. Bazilo horrek denbora luzea behar izaten du ugaltzeko, eta, normalean, inkubazioaldiak bost urte inguru irauten ditu. Lehen sintomak agertzen direnerako, ordea, lau eta zortzi urte bitartean igaro daitezke. Legenarraren aldaera batzuetan, baita hogei urte ere. Gaitzak larruazalari eta nerbio sistemari erasaten die, eta garaiz antzeman ezean, betiko kalte ditzake azala, nerbioak, begiak eta gorputzarradak. Legenar lepromatosoa da aldaeretan larriena eta kutsagarriena. Baziloek organismoa hartzen dute eta nodulu gorriak handitu eta ultzeratu egiten dira.«Kolonialismoak min handia egin zien zenbait herrialderi», dio Stewart Cole ikerketa honen zuzendariak. Colen arabera, legenarra Afrika ekialdean sortu zen eta europarrek eraman zuten gaitza Afrika mendebaldera eta Asiara. Esklabotza merkataritzaren bidea jarraitu zuen gero Hansen baziloak. Afrika mendebaldetik Karibera eta Latinoamerikara eraman zuten gaitza esklaboek. Ipar Amerikara, berriz, europarrek eraman zutela uste dute. «Azterketa genetiko zorrotza» egin dute ondorio horretara iristeko. Ikertzaileek Mycobacterium leprae baziloaren 171 andui bildu zituzten bost kontinenteetako 21 herrialdetan. Andui horien genomak alderatu zituzten gero. Gene sekuentzietan jarri zuten arreta, polimorfismo nukleotiko deitutako aldaketa txikiak antzeman asmoz. Hala jabetu ziren gene sekuentzia guztiak oso antzekoak zirela; hau da, bakterioaren genomak ohikoa baino mutazio gutxiago izan zituela historian zehar, eta gainera mutazioak oso txikiak izan zirela. Hortik ondorioztatu dute bakterio bakar batek eragin zuela izurria munduan. «Patogenoaren genoma ondo ezagutzean dago gaitza kontrolatu eta desagerrarazteko giltza.Zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta azkarrago kontrolatuko dugu izurria», esan du Colek. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, urtero 500.000 lagun kutsatzen dira legenarraz munduan, eta horietatik gehienak «garatzeko bidean diren herrialdeetan». 2004. urteko datuen arabera, Angolan, Brasilen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Madagaskarren, Mozambiken, Nepalen, Tanzanian eta Indian bizi dira legenarraz kutsatutakoen %85. Indian dago legenardun gehien. Iazko urtarrileko datuen arabera, esaterako, 265.781 gaixo daude. Gaixoen %10, gainera, 14 urtez azpiko umeak dira.
Pobrezia eta bazterketa
Miseria gorrian bizi diren lekuetan zabaltzen da gehien gaitza. Berez, gaixoarekin harreman estua izan behar da kutsatzeko. Hau da, oso zaila da jantzi, janari edota kutsatutako objektuen bidez kutsatzea. Hala ere, eta OMEren arabera, jendeak beldur handiagoa dio legenarri beste gaitz kutsagarriagoei baino. «Legenardun baten aurpegia ikustean atzera egiten du jendeak. Berez tuberkulosia bezalako gaitzak okerragoak dira, baina jendeak ez die horrenbesteko beldurrik, ez direlako ikusten», esan du horren inguruan Jose Luis Beneytok. Legenardunekin lan egiten duen Fontilles Elkarteko zuzendaria da Beneyto. Legenardunentzako erietxe berezietan bizi dira egun gaixo asko, baztertuta.
Legenarra senda daiteke, baina. 1987. urtean sortu zuten tratamendua Azken hamabost urteotan gutxienez hamabi milioi gaixo sendatu dira dapsona, rifampizina eta klofazimina botikak hartuta. Normalean, sei eta hamabi hilabeteko epean sendatzen dira gaixoak, eta kutsatzeko arriskua tratamendua hasi eta bat desagertzen da.
Kolonialismoak zabaldu zuen legenarra munduan
Hansen gaixotasuna Indian sortu zela uste zuten orain arte, baina Frantziako genetista talde baten arabera, Afrika ekialdean edo Ekialde Hurbilean sortu zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu