Lehen arrain hankaduna

EBOLUZIOA. Arrainen eta narrastien arteko trantsizioa erakusten duen animalia baten fosila topatu dute Kanadako iparraldean, uretako eta lehorreko piztien arteko katebegi galdua

Edu Lartzanguren.
2006ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Arrain bat da? Narrasti bat da? Ez, Tiktaalik-a da, katebegi galdua. Arrainak uretatik atera eta lehorrean ibiltzen nola moldatu ziren jakiteko arrasto paregabea da aurkeztu berri duten Tiktaalik roseae-a. Duela 375 milioi urteko fosila da, eta arrainen ezaugarri asko baditu ere, eskumuturra eta narrastien beste atal asko ditu. Eboluzioaren lehen arrain hankaduna.

Kanadan aurkitu dute, Artikoko Ellesmere uhartean, Nature aldizkariak ostegunean zabaldu zuenez. Krokodiloaren antzeko animalia zela iradokitzen du hezurdura fosilak. Animaliaren aurrealdea ia osorik dago. Buruak 20 zentimetro ditu. Zientzialariek kalkulatu dutenez, hiru metro inguruko luzera zuen animaliak. Hegatsak ditu, eta ezkatak, arrainek bezala, baina aurreko hegatsak hankak bihurtzeko bidean dira: eskumuturra dute, eta ukondoa, baina atzaparrik ez. Lehen ere arrain eta narrasti arteko animalien zantzuak bazituzten zientzialariek. Duela 385 milioi urte ur mehetan hanken gainean ibiltzen hasitako animaliak ezagutzen zituzten. Baita hanken puntan behatzak dituzten arrainak ere. Baina Tiktaalik, tarteko zerbait da, eboluzio horren puzzlea osatzeko ezinbesteko pieza.Buruan, esaterako, zakatz antzeko bat du, baina belarria bihurtzeko erdibidean dago. Buru zapala du, krokodiloak bezala, eta mutur luzea, lehorrean animaliak ehizatzeko aproposa.

Birikak eta zakatzak

Zientzialariek uste dutenez, uretatik kanpo txango laburrak egiten zituen animaliak, klima azpitropikaleko ur meheko erreka geldoetan. Haragia jaten zuen. «Arrainen eta lehorreko animalien arteko aldea lausotzen du honek», esan du Chicagoko Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) paleontologo Neil Shubinek. AEBetako beste zientzialariekin batera aurkitu zuen fosila Shubinek. «Ekarpen garrantzitsua da biziaren historiako une oso garrantzitsu bat ulertzeko», esan du Montrealgo (Quebec) McGill Unibertsitateko Robert Carrollek. Trantsizioa erakusteko orain arte aurkituriko fosilik hoberena dela diote adituek.

Zertarako jotzen zuen Tiktaalikak lehorrera? Ehizatzera baino gehiago harrapari handiagoetatik ihes egiteko, John Maisey paleontologoaren arabera. «Tetrapodoek ez zuten lehorra konkistatu, uretatik ihes egin zuten», esan du adituak.Inuiten inuktituk hizkuntzan tiktaalik esaten diote Lota lota arrainari, ur gezatan bizi den bakailao familiako animalia bakarrari, alegia. Kanadan aurkituriko fosilak arrain horren antza zuela uste dute zientzialariek, nahiz eta oraindik ez duten aurkitu animaliaren atzeko parterik. Aurrekoa, ordea, oso ezberdina da, arrainekin parekatuz gero. Begiak buruaren gainean daude, alboetan beharrean. Lepoa zuen, hau da, burua eta sorbaldak zein bere kabuz mugi zitzakeen. Shubin paleontologoaren arabera, birikak eta zakatzak izatea litekeena da, eta saihetsak sendoak ziren, lehorrean gorputzaren pisuari eusteko modukoak.«Edonola ere, matrailezurrak eta muturra arrainenak bezalakoak dira», esan du Harvard Unibertsitateko (AEB) irakasle Ted Daeschlerrek. «Horrek erakusten digu eboluzioak oso poliki jokatzen duela; mosaiko gisako egituran aritzen da, osagai batzuk aldatzen ditu, beste batzuek bere horretan jarraitzen duten bitartean». Izan ere, narrastien ezaugarriak zein ordenatan agertzen hasi ziren ikusteko aukera eman dezake Tiktaalik roseae-ak. Daeschlerren arabera, ezinezkoa da jakitea animalia lurreko ornodunen arbasoa ote den. «Edonola ere, horretarako hautagai bat irudikatu behar izanez gero, Tiktaalik-a bezalako zer edo zer asmatuko genuke», adierazi zuen.

Sei urte izotz artean: «Hasiera baino ez»

1999. urtean abiatu zuten bilaketa Daeschlerrek eta Shubinek. Kanadako geologoei Ellesmere uhartean garai Devonikoko harriak zeudela entzun zietenean, erreka ondoko landareen fosilen bila abiatu ziren paleontologoak. Landareon inguruan arrainen eta narrastien arteko espezieak aurkituko zituztelakoan zeuden. Sei urtez bila ibili ziren, urtean soilik hilabete batez egin zezaketelako lan halako eguraldi gogorreko gunean.

Hasiera baino ez dela diote zientzialariok. Dagoeneko ari dira planak egiten Ellesmere uhartera itzultzeko. Inguruan fosil gehiago aurkituko dituztela ziurtzat jotzen dute. «Lekua urratzen hasi baino ez gara egin», esan du Shubinek. Zorte apur batekin, arrain hankadunaren atzeko partea topatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.