Marteren orbitan jarri da 'MRO' zunda, planetaren klima ikertzeko

Erredakzioa
2006ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ia 500 milioi kilometro inguru egin ondoren, Marteren inguruko orbitan jartzea lortu zuen atzo Mars Reconnaissance Orbiter (MRO) zundak. Euskal Herrian 22:24ak zirenean, motorrak piztu zituen gailuak, abiada moteldu eta planeta gorritik gero eta hurbilago jartzeko.

Martetik 44.000 kilometrora hurbildu arte jarraitu zuen zundak. Datozen hilabeteetan abiada moteltzen jarraituko du, eta urrirako lortuko du planetaren inguruko orbita ia erabat biribila.Urduri zeuden atzo gauean NASAko zientzialariak, MROk Marten inguruko orbitan jartzeko maniobra egiten zuen bitartean. Izan ere, bidaiaren unerik arriskutsuena da. 1992an Mars Observer zunda galdu zen leherketa baten ondorioz. Zortzi urte geroago Erresuma Batuan eginiko beste zunda bat okerreko orbitan jarri zuten, NASAko teknikariek britainiarrek emaniko zenbakiak sistema metriko hamartarrean zeudela pentsatu zutenean.

«Uraren atzetik»

Zunda Marten egon daitekeen «uraren atzetik» ibiliko dela adierazi du Richard Zaruk zientzialariak. Marten klima, geologia eta bizia izateko ahalmenaz informazioa bilduko dela gaineratu du.

Marten ur asko izan zela uste dute zientzialariek. Ur haren historia aztertuko du MROk. «Esan daiteke Marteko lehen eguraldi satelitea dela hau», esan du Fred Taylor zientzialariak.

Mars Reconnaissance Orbiter zundak orain arte bidalitako beste gailu guztiek batera baino hamar aldiz informazio gehiago bidaliko duela espero dute. Erresoluzio handiko kameren bidez, planetaren azalaren mapa zehatza egingo dute. NASAk dioenez, mapok lagunduko dute gizakiak planetan lurreratzeko leku egokiak aukeratzen. Urrian hasiko da misioaren fase zientifikoa eta bi urte inguru iraungo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.