Suizidioaren aurkako nazioarteko eguna izan zen atzo. Urtero milioi bat pertsona inguruk egiten dute beren buruaz beste, OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera. Horretaz gain, hiru segundoko bere buruaz beste egiten saiatzen da norbait. «Pertsona batek bere buruaz beste egiten duen bakoitzean, haren familia eta lagunak lur jota geratzen dira», nabarmendu zuen Catherine Le Gales-Camus erakundeko zuzendariordeak.
Europak du suizidio tasarik altuena, eta baxuena, berriz, Hego Amerikak, herrialde Arabiarrek eta Asiak. Azken urteotan, bestalde, bere buruaz beste egiten dutenen adinak behera egin du. 15 eta 25 urte arteko gizonak izan ohi dira normalean. Arrazoiak, berriz, asko izan daitezke: pobrezia, alkoholismoa, drogazaletasuna, langabezia edo bakardadea, besteak beste. Ezintasunen bat izateak handitu egiten du bere buruaz beste egiteko arriskua.«Suizidioa saihets daitekeela jakitea da garrantzitsuena», esan zuen atzo Lars Mehlum Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Batzordeko buruak Genevan eskainitako konferentzian. Mehlumen ustez, heziketak eta osasun zerbitzu egokiak izateak asko murrizten du suizidio tasa.
Laguntza
Hala ere, garrantzitsuena arazoak dituen pertsona identifikatu eta hari laguntzea dela ohartarazi zuen Mehlumek: «Askotan familia edo lagunak ondoan edukitzea izaten da egokiena. Beraiek dira pertsona hori hobekien ezagutzen dutenak eta gehien lagundu dezaketenak».
Europako herrialde askotan, bestalde, telefono zenbaki bereziak jarri dituzte martxan arazoak dituen jendeari lagundu ahal izateko. Horietaz gain, zenbait tokitan bere buruaz beste egiten saiatu direnentzako edo depresioak jota daudenentzako zentro bereziak ere ireki dituzte. Buruko osasun arazoek ere badute zerikusirik suizidioarekin. Maiz depresioak jotako edo eskizofrenia duten gaixoak izaten dira beren buruaz beste egiten dutenak. Adituen arabera, askok pestizidak edo su-armak erabiltzen dituzte suizidatzeko. Txinan, esaterako, pestizidak dira tresnarik erabilienak. Horregatik herritarrek horiek kontu handiz erabili behar dituztela ohartarazi dute ikertzaileek. Armen kasuan, berriz, debekua litzateke «konponbiderik egokiena». Australian eta Kanadan, adibidez, edozeinek ezin du su-arma bat etxean eduki. Azkenik, komunikabideen eragina ere nabarmendu zuten atzo Genevan bildu ziren adituek. Haien esanetan, komunikabideetan kasu gutxi egiten zaie kasu horiei eta, maiz, oker lantzen dira horrelako gertaerak. Hala ere, Mehlumen arabera, ezaugarri genetikoek edo haurtzaroan izandako arazoek suizidioarekin duten harremana hobetu ikertu beharko litzateke, tratamendu egokiak garatu ahal izateko.
Tratamenduen beharra
OMEk tratamendu berriak garatzearen beharra gogoratu zien atzo agintariei. Horiek dira suizidio tasarik altuena dutenak. Besteak beste, nortasun arazoak dituztenentzako laguntza egokien beharra nabarmendu zuten adituek.
Bere buruaz beste egiteko erabiltzen dituzten sistemak eskuratzeko aukera murrizteko ere eskatu du OMEk. Adibidez, autoa denbora jakinean mugitzen ez bada automatikoki itzaltzeko sistemak ezartzea da proposamenetako bat. Arriskutsuak diren eta heriotza eragin dezaketen botiken gaineko kontrolak zorroztea litzateke beste bat. Azkenik, armen gaineko araudia gogortzeko ere eskatu zuten OMEko kideek. Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Batzordeak, suizidio tasak murrizteko kanpaina bat jarri zuen abian duela bost urte. Arazoak dituzten pertsonentzako laguntza egokia lortzea eta bere buruaz beste egiten saiatu direnentzako zentroak zabaltzea dira xedeetako batzuk.
Milioi bat lagun inguruk egiten dute urtero beren buruaz beste
Normalean, suizidatzen direnak 15 eta 25 urteko gizonak izan ohi direla, eta hiru segundotik behin norbait bere buruaz beste egiten saiatzen dela ohartarazi dute adituek Suizidioaren aurkako Nazioarteko egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu