OSASUNA ETA BIDEKO SEGURTASUNA

Munduan 1,2 milioi lagun hiltzen dira urtean errepide istripuetan

OME Osasunerako Mundu Erakundeak eta Mundu Bankuak ohartarazi dute «bideko segurtasuna hobetzeko neurri eraginkorrak» hartzen ez badira 2020. urterako kopuru horrek %80 egingo duela gora

DONOSTIA
2004ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Munduko Osasunaren Eguna izan zen atzo, eta, urtero legez, munduko osasunaren errepasoa egiteko baliatu zuen OME Osasunerako Mundu Erakundeak. Lehen aldiz, errepide istripuen ondoriozko traumatismoak nabarmendu zituen, gainerako heriotza kausa nagusien artetik. OMEk eta Mundu Bankuak atzorako prestatu zuten txostenaren arabera, munduan heriotzaren hirugarren eragile nagusia dira errepide istripuak.

Datu larriak azaleratu ditu txostenak. Haren arabera, 1,2 milioi lagun hiltzen dira urtean errepide istripuetan, 3.000 lagun inguru eguneko. Errepidean hildakoei zauritutakoak gehitu behar zaizkie: urtean, 20 eta 50 milioi pertsona artean. Horietatik bost milioi inguru, berriz, bizi osorako elbarri gelditzen dira. Beste datu adierazgarri bat. Gaixotasun zabalduenen zerrendan hirugarren lekuan ageri dira errepide istripuen ondoriozko traumatismoak, kardiopatia iskemikoa eta depresioaren atzetik.Lehen atal batean heriotza kausa nagusiak aztertu dituzte. Hor bildutako datuen arabera, gazteen heriotza kausa nagusietako bat dira errepide istripuak. Hala, 5 urtetik 29 urte bitarteko gazteen artean errepide ezbeharrak dira bigarren arrazoi nagusia; 30 eta 44 urte artekoen kasuan, berriz, hirugarren heriotza kausa nagusia dira. Gazteak eta talde horren barruan, gizonak dira errepide istripuak izateko «arrisku handiagoa» dutenak. «100.000 laguneko 19 hiltzen badira, hildakoen %27,6 gizonak izan ohi dira eta %10,4 emakumeak», dio idatziak. Hiru arrazoi nagusi aipatzen dituzte hori arrazoitzeko: gizonezko gidari gehiago dagoela, gizonek emakumeek baino abiadura handiagoan gidatu ohi dutela, eta «edanda gidatzeko joera handiagoa» dutela.Bigarren atal batean, herrialde industrializatuetako eta «garatzeko bidean diren» herrialdeetako errealitatea aztertu dute. 2002. urtean, 100.000 laguneko 19 hil ziren munduan errepide istripuetan; proportzioan, baina, pertsona gehiago hil ziren herrialde pobreetan herrialde aberatsetan baino. Hala, herrialde industrializatuetan100.000 laguneko 12,6 hil ziren, eta herrialde pobreetan, berriz, 20,2. Kopuru hori txiki gelditzen da Afrika eta Mediterraneo ekialdeko datuei erreparatuz gero. Izan ere, eta txostenaren arabera, Afrikan 100.000 laguneko 28,3 hil ziren errepide istripuetan, eta Mediterraneo ekialdeko herrietan, berriz, 100.000 laguneko 26,3.Errepide istripuek sortzen dituzten gastuak ere aztertu dituzte beste atal batean. Idatziaren arabera, errepide ezbeharrek520.000 milioi dolarreko gastuak eragiten dituzte munduan, urteko. Hala, «herrialde garatuenetan» Barne Produktu Gordinaren %2 baino gehiago errepide istripuek eragindako gastuak estaltzeko erabiltzen dute. Errepide istripuek «askotariko gastuak» sortzen dituzte: gastu ekonomikoak, gastu emozionala... Zentzu horretan, ezbeharretan hildakoen senitartekoen egoeraren gaineko datuak ere bildu dituzte. Errepide ezbeharrek familia bat baino gehiago «itolarrian» uzten dituztela nabarmendu dute OMEk eta Mundu Bankuak, errepide istripuek pobrezia gehitzen dutela.

Aurreikuspen txarrak

2020. urterako egindako aurreikuspenak ez dira onak. «Bideko segurtasuna hobetu ezean», herri pobreetan %80 egingo du gora errepide istripuetan hildakoen kopuruak, hemendik eta 2020a bitartean. Errepide istripu asko «saihestu» daitezkeela dio OMEk, «gidariek bideko segurtasun arauak errespetatzen badituzte eta agintariek ezbeharrak eragozteko neurriak hartzen badituzte». Istripuak saihesteko hainbat gomendio egin dituzte, hona hemen horietako batzuk: seinaleztapenak hobetzea, abiadura murriztea,alkohol tasa txikitzea, bideak ondo argiztatzea, eta ibilgailu gogorragoak eta seguruagoak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.