Naturgune babestuetan daude meatzeen %75

Meatzaritzak «balio ekologiko handiko» lurretako ekosistemei egiten dien kalteaz ohartarazi du WRI World Resources Institute erakundeak txosten batean

Erredakzioa
2004ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Munduko meatzeen hiru laurdenak babestutako naturguneetan daudela jakinarazi du WRI World Resources Institute erakundeak. Meatzaritzak «ahuldutako ekosistemei» eta «aurrez ere arriskuan ziren naturguneei» egiten dien kalteaz ohartarazi du erakunde horrek, Meatzaritza eta ekosistema ahulak: arriskuen mapa izenburuko txostenaren bidez.

Ikuspuntu ekologikotik nahiz sozialetik begiratuta, eremu ahulak zeintzuk diren zehaztu dute mapa batean, eta, era berean, meatzeak eraikitzeko baimenak zein irizpideren arabera eman beharko liratekeen ere jakinarazi dute. Nolanahi ere, datu kezkagarri asko jaso dituzte txostenean World Resources Institute erakundekoek. Haren arabera, munduko meatzeen %75 daude ingurumenaren aldeko erakundeek eta Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak «balio ekologiko handiko» eremu izendatutako lekuetan. Zehazkiago esanda, meatzeen heren bat «eremu oso sentiberetan» daude eta beste heren bat «mehatxatutako akuiferoen guneetan».

Era berean, munduko meatzeen %25 parke naturaletatik hamar kilometrorako distantzian daude. Meatzeek kalte egindako leku horietako gehienak, berriz, Kanada iparraldean, Hego Amerikako kostaldean, Andeetan, Ipar Amerika ekialdeko kostaldean eta hegoaldean eta Australia hego-mendebaldean daude, World Resources Instituten arabera. Papua Ginean, esate baterako, babestutako oihanen laurdenak meatzaritza sektorearen esku daudela dio agiriak.Meatzeen laurden bat «ingurumenak kezkatzen ez dituen gobernuak» dauden lekuetan daudela nabarmendu du WRIk, «lege hutsuneez baliatzen direlako meatzaritza enpresak, beste leku batzuetan egin ezin dutena han bertan egiteko». Horren haritik Marta Miranda txostenaren egileetako batek esan du meatzaritza sektoreko enpresa askok parke naturalak eta beste naturgune babestuak zaintzeko konpromisoa hartu dutela. «ICMM Metalen eta Meatzaritzaren Nazioarteko Kontseiluak 15 enpresek eta 27 erakundek osatzen dute eta Londresen du egoitza nagusia etika kode bat zehaztu dute, ingurumena babesteko», esan du Mirandak. Idatzizko konpromisoak, baina, nahikoa ez direla gehitu du eta «negozioa ulertzeko modua» aldatu behar dela aldarrikatu du: «Gobernuz Kanpoko Erakundeek sarri esaten diete negozioa ulertzeko modua aldatu behar dutela eta bat nator horrekin. Dena den, meatze batzuk ez lukete existitu behar, errentagarriak izanda ere».

-

NATURGUNE BABESTUAK



Lurra planetaren azaleraren %4 dago «babestuta», 19 milioi kilometro koadro



Lurra planetaren azaleraren %4 102.000 toki; 19 milioikilometro koadroko azalera, guztira «gune babestu» izendatua du UNEP Nazio Batuen Ingurumenerako Programak. Horietatik 149 lekuri, gainera, «aparteko balio naturala» aitortu die Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Eremu babestuhoriek guztiek biodibertsitatea eta leku horietako flora eta fauna baliabideak zaintzeko, klima aldaketari aurre egiteko, aire garbia sortzeko eta turistak erakartzeko balio dute, Nazio Batuen Erakundearen arabera.Hala ere, egiteko asko dago oraindik NBEaren arabera. Hutsune asko dagoela dio era berean WRI World Resources Institutek: «Pazifiko hegoaldeko uharteetako oihanen %1en hamarren bat baino ez dago babestuta». Gauza bera gertatzen da Kamerungo iparraldeko basoekin Afrika erdialdean eta Guineako Golkoko mangladiekin mangleez osatutako zuhaiztia . Batean zein bestean, basoen %1 bakarrik dago «babestuta». Bestalde, itsaso eta ozeanoen %1 bakarrik dago «babestuta»; «gutxiegi, Lurraren azaleraren %70 ura baita», Word Resources Instituten arabera.Greenpeace erakunde ekologistak, bestalde, parke natural horietako asko paperean baino ez direla existitzen salatu izan du sarri. Haien arabera, meatzaritza eta legez kanpoko baso soiltzea eguneroko mehatxu bihurtu dira parke natural horietako askorentzat. Negutegi efektuak, berriz, parke natural horien balioa honda dezakeela ohartarazi dute, «hango espezie askok ezin izango baitiote klima aldaketari aurre egin». Babestutako naturguneen geroa bermatzeko, agintariek haien balioaren kontzientzia hartzea nahietazkoa dela dio Greenpeacek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.