Zubiaren inguruko datuak miresgarriak dira, alajaina, edozein ikuspuntutatik begiratuta: munduko altuena da eusten dion zutabeetako bat. Galtzada Tran ibaiaren haranaren hondotik ia 300 metroko altueran dago. Zubiaren gailurra Eiffel dorrea baino garaiagoa da. 36.000 tona altzairu eta 205.000 tona porlan erabili dituzte altxatzeko. Eta 320 milioi euro kostatu da.
Datu horiekin alderatuta, zubiaren helburuek harrigarri apalak ematen dute: udan Paristik eta Frantziaren erdialdetik Mediterraneora joaten diren turistei Millau hiriaren inguruan sortu ohi diren ilarak saihestea.
«Frantzia moderno eta konkistatzailearen irudirako garaipena da», esan zuen atzo Chirac presidenteak. Eguna gogoratzeko ezarritako plaka bati estalkia kendu zion politikariak, zubia eraiki duen Eiffage enpresako buruez inguratuta. Taldeak Parisko Eiffel dorrea kudeatzen du.
Teknologiarik aurreratuena, haizearen kontra
Zubian zehar gidatzea «hegazkina pilotatzea» bezala izango dela esan zuen atzo Foster arkitektoak. Inaugurazio ekitaldian izan zen, Chiracen ondoan. Eiffel dorrearen arintasun eta lerdentasuna eman nahi izan dio Fosterrek lanari. Errepidearen oinarria altzairuzko xaflez eginiko taula da. Porlanezko zazpi zutabeek taula horri eusten diote. Habeak bertikal eraikitzen zirela zaintzeko, GPS satelite bidezko nabigazio sistema erabili dute.
Haizea da diseinuan eragin handiena izan duen elementua. 250 kilometro orduko haizeei aurre egiteko diseinaturiko zubia da. Fosterrek ez du argitu zer gertatuko litzatekeen haizeak azkarrago joz gero. Edonola ere, enpresak argitu du inguru horretan egun arte neurturiko haizerik gogorrenek ez dutela 170 kilometro orduko abiada gainditu.Ekaitza gertatuz gero, trafikoa berehala moztuko dute. Haizeak 90 kilometro orduko hartzen baditu, kamioi handiei abiada moteltzeko aginduko diete, eta bidea itxiko diete 120 kilometro orduko ufadekin. Gidariak haizetik babesteko, hiru metroko altuerako plastikozko hesiak ditu zubiak aldeetan.Batez bestean, 10.000 ibilgailu espero dituzte egunean zubiaren bultzatzaileek. Udan 25.000 izango direlakoan daude. 75 urteko kontzesioa dute.
Auto ilarak lekuz aldatzen
Lau orduko auto ilarak pairatzen ohi zituzten, udaro, Paristik Mediterraneo aldera bidaiatzen zuten turistek, Millau hiriaren inguruan. Zubi berriarekin, bi minutuan egingo dute zeharkaldia eta 60 kilometro aurreztuko dituzte. Edonola ere, arazoa lekuz aldatu baino ez dela egingo ohartarazi dute hainbat millautarrek. Gaurtik aurrera, autoak hegoalderago, Saint-Andre-de-Sangonisen, pilatuko direla esan dute.
Zubia, bitartean, turismoa erakartzeko erabiltzea espero dute bultzatzaileek. 500.000 bisitari izan dituzte zubiaren lanok hiru urteotan. «Tximeletaren arintasuna» izateko diseinaturiko zubia da, Fosterren arabera. Ingurumena kontuan hartu duela dio arkitektoak: «Gizakiaren lanak naturarekin bat egin behar du. Zutabeek ia organikoak eman behar dute, lurretik hazi izan balira bezala».Coloradoko (Ameriketako Estatu Batuak) Royal Gorge zubia da kableen bidez sostengaturiko munduko zubirik altuena (331 metro), baina soilik oinezkoentzat diseinatu zuten. Alemaniako Kochertal biaduktoa zen atzo arte munduko errepide zubirik altuena (185 metro).Millauko zubiaren eraikitzaileek 120 urteko bermea eman dute. Azpiegiturak helburu militarrekin zein propagandarako eraikitzen maisuak ziren erromatarrek zubi bat eraiki zuten Millauden duela 2.200 urte. Biaduktoaren bultzatzaileentzat, ordea, ez dago konparatzerik, «zaldi batek ez baitu kamioi baten pisua».
norman foster
Arkitektoa
Bilboko satorra
Bere bulegotik ateratzen diren egitasmoei arte kutsua ematen bazaie ere, Norman Foster (Andy Warhol bezala) diseinatzaile talde handi bateko burua baino ez da. Bere estudioak 590 langile ditu, Londres, Berlin eta Singapurko bulegoetan, eta 18 herrialdetan egiten du lan. Soilik hori jakinda dago azaltzea nola egin diezaiekeen aurre hainbeste egitasmori batera. 1995. urtean soilik, Bilboko metroa, Rotterdamgo Portuko Munduko Zentroa, medikuntzarako laborategi bat Stanfordeko unibertsitatean eta beste lau bat egitasmo bukatu zituen. Dispertsioaz gaindi, Fosterrek lortu du estilo bateratua ematea bere taldeko kideek diseinaturiko eraikinei. «Estetikoki eta teknologikoki aitzindari dira egitasmoak. Ekologian, kontzientzian eta eraikinak ingurumenarekin lotzean oinarritzen ditu», dio bere biografia «ofizialak». Horien adibide gisa, Alemaniako Reichstag-aren berreraikuntza eta Londresko milurtearen zubia aipatzen dira. Pritzker saria irabazitakoa da, arkitekturaren Nobela.