Latinoamerikako gas eta hidrokarburo erreserbarik handienetako bat dago Argentinako Patagonian, ipar mendebaldeko Neuquen eskualdean. Petrolioaren multinazionalak dira han jaun eta jabe, 1990eko hamarkadan Argentinako YPF petrolio konpainia publikoa esku pribatuetan utzi zutenetik. Enpresok harturiko itzal izugarriaren adibidea: petrolio eta gas konpainiak «ongi ibil daitezen» presio lana egiten zuela onartu zuen eskualdeko gobernadore Jorge Sobischek 2002ko azaroan.
Neuquen ez da, ordea, soilik gas eta petrolioa, nahiz eta 2004ko lehenengo sei hilabeteetan Argentinan alor horretan inbertsio gehien jaso zituen eskualdea izan 538 milioi dolar eta eskualdearen aurrekontua lurrazpian lorturiko dibisetan oinarritu. Neuquen wallmapu delakoaren parte da, maputxeen lurraldekoa, alegia, eta hori ez da bigarren mailako ezaugarria. Azken hamarkadan, Repsol YPF SA, Alberta Energy Company eta Pioneer Natural Resources enpresak salatu dituzte maputxeek, Kaxipayiñ, Paynemil, Wiñoy, Folil, Gelay Ko eta Logko Puran komunitateetako gizartea, kultura eta ingurumena kaltetzeagatik.Neuqueneko Poliziako indar bereziek gogor zapaldu zituzten Logko Puraneko biztanleak abenduaren 28an, Ameriketako Estatu Batuetako Pioneer konpainiak ustiaturiko petrolio gune baterako bidea blokeatu zutelako. Protesta egin zuten maputxeek, enpresa hidrokarburoak ateratzeko guneak irekitzen ari zelako, abereen bazkalekuak diren lekuetan, biztanleei galdetu gabe. Ardiak eta ahuntzak haztea da komunitateko 20 familien ogibidea.Urrutiko bazkalekuetara eramaten dituzte abereak udan. Aukera horretaz baliatu zen Pioneer, 2000ko abenduan, komunitatean sartzeko. «Petrolioa ateratzeko 20 zulo zein gas eta petrolio hodi sare bat aurkitu genituen etxera itzultzean», dio Martin Velazquez Maliqueo komunitateko werken-ak (eleduna). «Dena egoera txarrean zegoen, oso azkar eraiki zutelako, segurtasunaren kaltetan. Zulo bat egiten zuten, gasa edo petrolioa ateratzerik zegoela ikusi eta berehala hasten ziren ustiatzen, segurtasun eta ingurumena zaintzeko neurririk apenas hartuta».
Erraldoiarekin borrokan
Petroliogune bihurturiko komunitatearen barruko bideak 2001. urtean hasi ziren blokeatzen maputxeak. Ur zikin eta olio isurien bidez lurra kutsatzen ari zirela salatu zuten. Zulaketaren hondakinak botatzeko, estaldurarik eta hesirik gabeko hobiak egin zituzten, haien arabera. Urak kutsatzea galarazteko modurik ez zuten jarri eraikitzaileek. Horrez gain, hodiak lurrazalean zabaldu zituztelako ziren kexu indigenak.
Orduko protestaren ondoren hobiak egiteari utzi zion konpainiak, abere batzuk hil baitziren haietara erorita edo handik edanda. Arazoak ez ziren konpondu, ordea: herritarren ur putzuetako asko lehortu egin ziren edo bertako uren ph-a aldatu egin zen, eta ezin zen ura edan. Horren ondorioz, hirietatik kamioietan ekarri behar izan zuten ura. Paynemil eta Kaxipayin komunitateetan ez bezala, ez da oraindik frogatu maila featikoak hidrokarburoekin kutsatu direla, baina herritar askok ikusi omen du olioa abereen edateko uraren gainean.
Kultur kaltea
Petrolio konpainiek komunitate maputxeen kulturari kalte handia eragin diotela dio Relmu Ñanku, Velazquez Maliqueoren emazteak: «Maputxe herria beraren eta haren munduikuskeraren ardatz nagusietako bat hezkuntza da, hau da, ezagupenak transmititzeko modua. Bide horri egiten dio eraso etengabe petrolioaren ustiaketak. Esaterako, gure rewe-ak (zeremonia guneak), gure lekurik sakratuenak, alegia, zulatzen ari dira petrolioa ateratzeko».
Pioneeren ordezkariekin bildu ziren maputxeak urtarrilaren 26 eta 27an. Velazquez Maliqueo eledunak honela azaldu du bileran gertaturikoa: «Gatazka gunea behatzera etorri ziren eta bertan egin genuen bileran onartu zuten kontrataturiko eta azpikontrataturiko enpresek oso lan eskasa egin zutela, kalte handia egin zutela. Ikusi zuten mendiska baten tontor naturala suntsitu zutela eta legeak onartzen ez dituen bestelako gauzak egin zituztela. Horren erantzulea enpresa zela onartu zuten eta denbora behar zutela esan ziguten, balorazioa egiteko eta ingurumenari eta kulturari eragindako kaltea konpontzeko asmoz komunitateari proposamen bat egiteko, hitzarmen bat lortze aldera». Maputxeek ez dute Pioneeren beste berririk izan.1992an iritsi zen konpainia Argentinako Patagoniako Neuquen eskualdera, Chauvco Resources SA izenarekin. Argentinan den atzerriko eragile independenterik handiena bihurtu zen 1997an. Herrialdean 125 putzu zulatzeko asmoa du konpainiak etorkizunean, horietako 90 Neuquenen, maputxeen lurraldeetan, bere gas ekoizpena %8-10 eta hidrokarburoena %10 handitzeko.
PETROLIOA. GATAZKA PATAGONIAN
Petrolioaren aurpegi maputxea
Gasa eta bestelako erregaiak ateratzeko komunitateen lurrak kutsatzen ari direla salatu eta borroka abiatu dute indigenek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu