OSASUNERAKO MUNDU ERAKUNDEAREN TXOSTENA

Tuberkulosiaren aurkako botikei zaien erresistentzia handitu da

Estonia, Letonia, Lituania, Kazakhstan, Uzbekistan eta Errusiako zenbait eskualdetan tuberkulosiaz kutsatutakoen %14 inguru botikekiko erresistente dira, Osasunerako Mundu Erakundearen arabera

arantxa elizegi egilegor
DONOSTIA
2004ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) atzo kaleratu zuen txostenaren arabera, Europa mendebaldean eta Asia erdialdean botikekiko erresistentea den tuberkulosia (MDR-TB) garatzeko hamar aldiz arrisku handiagoa dago. Era berean, baina, Txinan, Ekuadorren, Israelen eta Hegoafrikan ere «oso zabaldua» dago tuberkulosi mota hori. Oro har, OMEk azaldu duenez, Estonia, Kazakhstan, Letonia, Lituania, Uzbekistan eta Errusiako zenbait eskualdetan agertu da kasu gehien. Dokumentuaren arabera, herri horietan tuberkulosi kasu berrien %14 inguru botikekiko erresistente dira.

Mario Raviglione OMEren Tuberkulosia Geldiarazi izeneko departamentuko arduradunaren esanetan, botikekiko erresistentea den tuberkulosia «arazo larria» bilakatu da Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna izandako herrialdeetan. «Pasaporteak kontrolatzea ez da tuberkulosia geldiarazteko bidea. Gaixotasuna desagerrarazi nahi badugu, prebentzioa bultzatu behar dugu», azaldu zuen Raviglionek. Paul Nunn departamentu bereko kideak adierazi zuenez, berriz, botikekiko erresistentea den tuberkulosia dutenak, tratamendu egokirik jaso ezean, «heriotzara kondenaturik» daude.Osasunerako Mundu Erakundeko adituen arabera, urtero munduan 300.000 MDR-TB kasu berri agertzen dira. Horretaz gain, botikekiko erresistentea den tuberkulosia «indartzen» ari dela eta, zenbait kasutan egungo tratamenduek ez dutela eraginik ere adierazi zuen Osasunerako Mundu Erakundeak dokumentuan. «Tuberkulosia sendatzeko erabiltzen diren lau botiketatik hiruk birusari ez diote eragiten MDR-TB kasuen %79an», dio txostenak.Adituen arabera, Europako mendebaldean eta Asiako erdialdean «tuberkulosiak bat egin du hiesarekin». OMEren arabera, Giza Immuno-eskasiaren Birusa (GIB) dutenek tuberkulosi mota horretaz kutsatzeko arrisku handiagoa dute. Hegoafrikan, esaterako, urtero bi milioi pertsona kutsatzen dira tuberkulosiaz, baina kopuru hori handitzen doa hiesaren eraginez.

Tratamendua

Ohiko tuberkulosia sendatzeko sei hilabeteko tratamenduak 8,15 euro inguru balio du. Botikekiko erresistentea den tuberkulosiaren kasuan, baina, tratamendua «ehun aldiz garestiagoa» da Osasunerako Mundu Erakundearen arabera. Adituen esanetan, bestalde, horren aurkako txertorik agertzen ez den bitartean, edozein kutsa daiteke. Ondorioz, Jack Chow hiesaz, tuberkulosiaz eta malariaz arduratzen den OMEko departamentuko buruaren esanetan, baliabide ekonomiko eta material gehiago behar dira.

Duela lau urte OMEk azken ikerketa egin zuenetik, baina, zenbait herrialdetan Ameriketako Estatu Batuetan, Kuban eta Hong Kongen, esaterako behera egin du gaixo kopuruak. Medikuen arabera, herri horietan DOTS estrategiari esker egin du behera gaitzak. OMEk azaldu zuenez, gaixoak tratamendua jarraitzen ez duenean edo medikuek tratamendu egokia jartzen ez diotenean bilakatu ohi da tuberkulosi arrunta botikekiko erresistente. Ondorioz, DOTS proiektuaren bitartez, gaixoek botikak hartuko dituztela ziurtatu nahi du OMEk.Bost elementuk osatzen dute DOTS egitasmoa: helburu politikoek, ikerketa zientifikoek, botikek, gaitzaren kontrolerako sistemek eta gaixoek tratamendua jarraitzen dutela zaintzeko sistemek. Proiektu hori 1991n martxan jarri zenetik 10 milioi gaixok jaso dute tuberkulosiaren aurkako tratamendua, eta horietako asko sendatu egin dira. Txinan, adibidez, kutsatutako pertsonen %91 sendatu ziren iaz.Mohamed Aziz dokumentuaren egileetako baten arabera, zenbat eta gehiago ikertu orduan eta MDR-TB kasu gehiago agertzen dira. «Orain arteko ikerketarik zabalena egin dugu aurten, eta botikekiko erresistentea den tuberkulosi kasuak ia mundu osoan aurkitu ditugu. Hala ere, asko dira oraindik ikertu gabe geratu diren lekuak, eta, beraz, arazoa uste baino handiagoa izan daiteke», azaldu zuen atzo Azizek.Adituen esanetan, bestalde, gaitza kontrolatzeaz gain, haren aurkako tratamendu berriak lortu ahal izateko ikerketak ere oso garrantzitsuak dira. Helburu horrekin, Tuberkulosiaren Aurkako Botiken Garapenerako Mundu Aliantza baliagarriak izan daitezkeen tratamenduak aztertzen ari da Osasunerako Mundu Erakundearen laguntzarekin. OMEk errefuxiatuen egoera nabarmendu du dokumentuan. «Horietako askok ez dauka botikak eskuratzerik eta, ondorioz, gaitzak okerragora egiten du», dio erakundeak. Adituen arabera, baliteke errefuxiatuen erdiak kutsatuta egotea.

-

Datua





300.000

300.000 pertsona kutsatzen dira urtero munduan botikekiko erresistentea den tuberkulosiaz, adituen arabera.

-

«IZURRIAREN» EZAUGARRI OROKORRAK



 

Bi milioi hildako urtean





Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) arabera, tuberkulosiak urtero bi milioi pertsona ingururen heriotza eragiten du munduan. Hiesaren eraginez, baina, gaixotasuna gehiago zabaldu dela ohartarazi zuen atzo OMEk bere txostenean. Erakunde horrek dioenez, 2002. eta 2020, urteen artean 1.000 milioi pertsona inguru kutsatuko dira, beste 150 milioi inguru gaixotu egingo dira eta 36 bat milioi hilko dira tuberkulosiaren ondorioz, «izurria geldiarazteko ezer egiten ez bada».

Tuberkulosia, gripea bezala, airearen bitartez zabaltzen da, baina soilik biriketako tuberkulosia dutenek kutsa ditzakete era horretan ingurukoak. Gaixoak eztula egiten duenean, hitz egiten duenean edo zintz egiten duenean, baziloak airean zabaltzen dira. Adituek diotenez, nahikoa da bazilo kopuru txiki bat arnastea tuberkulosia harrapatzeko. Gaixo batek urtean beste hamar edo hamabost pertsona kutsa ditzake. OMEk dioenez, segundo bakoitzean pertsona bat kutsatzen da munduan eta urtean biztanleen %1 kutsatzen da.Birusa edukitzeak, ordea, ez du esan nahi pertsona horrek gaixotasuna garatuko duenik. Pertsona horren immunitate sistema ahultzen denean, baina, gaixotzeko arriskua handitu egiten da. Oro har, OMEren arabera, munduan, hirutik batek du tuberkulosiaren birusa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.