Leku pribilegiatuan egiten du lan Etxanizek. Txingudiko badiako Plaiaundi naturgunean, Gipuzkoan. «Euskal Herriko naturguneak oso txikiak dira, baina estrategikoki garrantzitsuak, kokapenarengatik», dio Etxanizek. «Hemen Txingudin ez dugu hegazti kopuru izugarririk, baina bioaniztasun handia bai. 175 espezie urtean zehar, 24 hektarea eskasetan». Izan ere, Euskal Herria pasabide estua da hegaztientzat. Pirinioek bidea ixten diete udazkenean Europa iparraldetik Afrikara migratzen duten hegaztiei. Txingudi enbutuaren lekurik estuenean dago.
«Europako iparraldeko hegazti espezie ia guztiak pasatzen dira hemendik. Iaz 700 mokozabal zenbatu genituen, eta hori Europako populazio osoaren %15a da». Txorien jagolea da Etxaniz. Ikusi behar du ikusia izan gabe. Berde apalez dago jantzita goitik behera, baina ehiztarien tonoak edo kamuflaje oihalak saihestuta, apropos edo oharkabean.
«Nork dakar birusa?»
Bere lagunak defendatzen ditu ornitologoak, hegazti basatiak: «Oraindik ez dakite ziur hegazti migratzaileak ote diren gripearen bektorea». Argudiatzen duenez, orain arte batez ere etxeko abereetan agertu dira kasuak. «Nork dakar H5N1 birusa?», galdetu du ornitologoak. Etxanizen arabera, litekeena da birusaren aldaera hori soilik etxe abereetan mutatu izana. Bestela, naturan hildako hegazti piloa ikusiko zirela argudiatu du. «Botulismoa denean, esaterako, ahate piloa hilda ikusten da; ikusgarria da». Hegaztien gripearekin halakorik ez dela ikusi dio. «Errumanian beltxarga batzuk agertu ziren hilda herenegun, baina litekeena da etxeko abereek kutsatu izana basatiak, ez alderantziz».
Ornitologoak azaldu duenez, Euskal Herria zeharkatzen duten espezieak Uraletatik honantza egoten dira, mendikatea hesi naturala baita. Beste aldekoak Asia hegoaldera joaten dira neguan. «Oso zaila da Ural mendien bi aldeetako txoriak nahastea».
Antolakuntzarik ez
Irailaren 22an bi kopetazuri hilik aurkitu zituzten Plaiaundin. Txoriak noizean behin hilik aurkitzea normala dela dio Etxanizek. «Hauek, baina, beherakoa izan zuten. Horregatik, badaezpada ere, Eusko Jaurlaritzara deitzea erabaki genuen». Hegaztien gripea dela-eta operazio berezirik ez zegoela antolatuta ikusi zuten. Agintarien aldetik protokolorik ez dutela jaso dio Etxanizek: «Ez dakigu zer egin. Maskararen bat eraman beharko ote den ez dakigu. Ez dugu informaziorik jaso. Inor ez da gurekin harremanetan jarri. Materialik ere ez dugu».
Edonola ere, hedabideak «alarmismoan» erori direla uste du ornitologoak. «Txori batetik kutsatzea oso zaila da; oso harreman estua izan behar duzu, leku itxian, denbora luzean». Lasaitzeko edo kezkatzeko azken argudioa: Plaiaundiko txorien jagoleek ez dute gripearen aurkako txertorik hartu.
Legez kanpoko oilasko inportazioa Italian
Txinatik legez kanpo inportatutako 3.000 oilasko preparatu atzeman zituen atzo Italiako Mugetako Poliziak Genoan. Oilaskoez gain, izoztutako 260 ahate eta 36.000 ahate arrautzatik gora ere aurkitu zituen Poliziak, edukiontzi handi batean. Edukiontzi horretan sukaldeko materiala eta osagarriak zeramatzatela esan zieten poliziei galdekatutako lagunek. Halaber, gizon bat atxilotu zuten Prato herrian (Italia), legez kanpo Txinako oilasko okela salerosten jardutea egotzita.