Pitcairn puntu txiki bat da (25 kilometro koadro da) Ozeano Barean. Peru eta Zeelanda Berriaren artean dago Erresuma Batuaren azken kolonia txiki hau, Australiatik 4.000 itsas miliara. Izena Pitcairn Uhartea duen arren, uharte multzo bat da berez. Izan ere, lau uharte bolkanikok osatzen dute: Henderson, Ducie, Oeno eta Pitcairn. Edozelan ere, azkenekoan bakarrik bizi da jendea. Guztira, 47 lagun bizi dira han.
Lehenengo abisua
1999. urtera egin behar da atzera, Pitcairngo historiako lehenengo epaiketa honen nondik norakoak azaltzeko. Urte horretan, uharteko Polizia entrenatzen zuen ofizial emakumezko batek Pitcairngo gizonek umeak bortxatzen zituztela ohartarazi zuen. Haren ondotik, gizonen kontrako salaketak bata bestearen atzetik etorri ziren. Guztira, 20 lagunen kontrako salaketak jarri zituzten. Akusatuetako sei adingabeak ziren.
Uharteko 12 eta 15 urte bitarteko neskak bortxatzea leporatu zieten guztiei. Uharteko bizilagunek, baina, laster isildu zituzten salaketa haiek. 2002ko abuztuan, haurrekin sexu harremanak izateko ohitura aspaldikoa zela argitu zuten Pitcairngo bizilagunek, New Zealand Herald egunkariari egindako adierazpenetan. Usadio bat zela argudiatu zuten, eta umeak ekanduak zeudela, oso goiz hasten zirelako sexu harremanak izaten, «euren gogoz». Adingabeei sexu gehiegikeriak egin izanaz akusatutako hogei lagun haietatik zazpi uharteko gizonen erdiak auzipetu egin zituzten, iaz. Aurten, irailaren azken egunean, 50 kargutik gora irakurri zizkien akusatuei Erresuma Batuko fiskalak. Besteak beste, umeak behartu eta bortxatu izana, eta adingabeak erabili izana leporatzen diete. Akusatuen artean Fletcher Christian HMS Bounty itsasontziko lehen ofizial matxinoaren oinordeko zuzenak daude; zazpi, hain zuzen ere. Steve Christian Pitcairngo alkatea eta Randy haren semea dira horietako bi. Era berean, Jay Warren uharteko epailea ere akusatuen zerrenda horretan dago.Errugabeak direla defendatu dute guztiek, prentsari egindako adierazpenetan. Haien abokatuek ere, gauza bera esan dute. Abokatuak onartu du Pitcairn Erresuma Batuko kolonia izanda, hango legen menpe daudela bertako bizilagunak. Hala ere, auzi honetan salbuespen bat egiteko eskatu du, «haurrekin sexu harremanak izatea Pitcairngo usadioetako bat delako».Herriko hamahiru emakumeak ere akusatuen alde agertu dira eta haien kontrako kargu guztiak kentzeko eskatu dute.Umeekin sexu harremanak izatea normala dela diote, eta, hala, ukatu egin dute bertako gizonek adingabekoez baliatu direla. «Ez da umerik behartu; euren gogoz egin dute denek», jakinarazi dute. Atzo, baina, akusatuetako batek 12 urteko bi neska bortxatu izana onartu zuen. Errudun zela, bestela esanda. Lerro hauek idazteko unean, baina, epaileak ez zuen zigorraren berri eman.Biktima gehienak Zeelanda Berrian bizi dira egun, eta hantxe aurkeztu dituzte salaketa guztiak. Uhartera iristea zaila dutela eta, Aucklanden (Zeelanda Berria) eman zuten testigantza emakume horiek, eta epaileak bideokonferentzia bidez jarraitu zuen.Epaiketak aurrera dirau, baina Australiako Herald Sun egunkariak dio beste sei gizonezko ere auzipetu ditzaketela auzi honetan. Pitcairndarrak dira seiak, baina, egun, Australian eta Zeelanda Berrian bizi dira denak, egunkari horren arabera.
-
Datua
47
Populazioa: Pitcairn uharte multzo bat da, baina haietako bakar batean bizi da jendea. Izen bereko uhartean, hain zuzen ere. Guztira, 47 lagun bizi dira.