Orain arteko hominido zaharrenen aztarnak bide direnak aurkitu ditu Etiopiako eta Ameriketako Estatu Batuetako paleontropologo talde batek, Etiopian, Hadar indusketa lekutik 60 kilometro iparraldera. Paleontropologoen arabera, duela 3,2 milioi urteko fosilak dira. Hau da, Lucy Australopitecusafarensis generoko hominidoarenak baino zaharragoak dira. Lucy 1974. urtean aurkitu zuten Donald Johanson eta Tom Gray paleontologo estatubatuarrek, Etiopian, Afar ibaiaren arroan. Horregatik jarri zioten Australopithecus afarensis izena genero hari.
«Aurkikuntza honek gure espeziearen eboluzioa hobeto ulertzen lagunduko digu. Lucy-ren aurreko eboluzio faseak nolakoak izan ziren jakin ahalko dugu», esan zuen atzo Haile Selassie Etiopiako arkeologoak Addis Abeban. Haile Selassie Lucy espedizioko arduradunetako bat da. «Munduko hankabikorik zaharrenaren arrastoak dira hauek», gaineratu zuen Bruce Latimer Clevelandeko Gure Historiaren Museoko zuzendariak (Estatu Batuak).
Tente ibiltzeko gai
Zenbait hominidoren hezur banakak eta haietako baten eskeleto zati bat dira aurkitu dituzten aztarnak. Orkatilaren formari begiratuta jakin dute tente ibiltzeko gai zela. Adituek, baina, ez dute zehaztu aztarna berri horiek zein hominido espezierenak diren. Emakume edo gizon batenak diren ere ez dute argitu. Datu bakarra eman dute: «Hominido hau Lucy baino garaiagoa zen, hankak dezentez luzeagoak direlako». Metro bateko garaiera zuen Lucy-k. Bestera esanda, txinpantze baten tamaina eta itxurakoa zen. Eme heldua zen. Heldua, baina ez oso zaharra. Fruitujalea zen. Haren hezurrak Etiopiako Museo Nazionalean daude gordeta, baina ez, ordea, ikusgai.
ANTROPOLOGIA
Ustez orain arteko hominido zaharrenaren aztarnak aurkitu dituzte, Etiopian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu