Oharpen argia egin die Europako Batasunak zabor jana ekoizten duten enpresei: urtebete dute haurrentzako publizitatea bertan behera uzteko eta beren produktuen etiketak hobetzeko. Borondatezko urratsik egin ezean, legeak ezarriko ditu Bruselak. Loditasuna arazo handia bilakatzen ari da Europan. Eskolako haurren %25 oso gizen daudela ohartarazi dute. Arazoa larriagoa da, gainera, ustez Mediterraneoko dieta deiturikoa duten Europako hegoaldeko hainbat herialdetan.
«Loditasuna Ameriketako Estatu Batuetako arazoa zela uste genuen», esan du Markos Kyprianou EBko Osasun eta Kontsumo Batzordeko buruak. «Barre egiten genien estatubatuarrei. Orain, Europako arazoa da»,gaineratu zuen Financial Times aldizkariak ostegunean argitaraturiko elkarrizketan.Konponbiderik azkarrena eta eraginkorrena elikaduraren industriak bere burua kontrolatzea litzatekeela esan zuen Bruselako ordezkariak. «Industriatik datozen seinaleak oso positiboak dira. Baina horrek ez baditu asebetetzeko moduko emaitzak ematen, legeak ezartzeari ekingo diogu», ohartarazi zuen.
Bruselaren, elikaduraren industriaren eta osasun agintarien arteko elkarrizketak duela urtebete hasi ziren. Datozen hilabeteetan azkartu egingo dituzte ahaleginak. Martxoan plataforma bat eratuko dutela iragarri zuen Kyprianouk. Eragile guztiak bilduko ditu plataforma horrek, eta gizentasuna gutxitzeko non eragin behar den aztertuko dute.
Besteak beste, produktuetan «Kimikako lizentziadunek ere ulertzeko moduko etiketak» jartzeko eskatu dio Kyprianouk industriari. Janari koipetsu, azukretsu eta gaziak ekoizten dituzten enpresek ez dute, orain arte, tabakoaren industria astindu duen bezalako salaketa eta zigorrik jaso. «Hobetzeko beharra dago», onartu du CIAAk Europako Janari eta Edari Ekoizleen Konfederazioak. Edonola ere, «konponbide magikorik» ez dagoela gaineratu du. Politikariei eta kontsumitzaileei erantzukizuna bere gain ere hartzeko eskatu die.Arazoa «izurritetzat» jo zuen iaz loditasunaren aurkako nazioarteko talde batek. Gizentasuna azkartzen ari dela eta kontrolez kanpo dagoela gaineratu zuen. Eskola umeen %25 lodi daude, eta behar baino pisu gehiago dutenen zerrendak 400.000 kide irabazten ditu urtean. Arazoa larriagoa da Europako hegoaldean, iparraldean baino, berriki zabalduriko ikerketa baten arabera. Mediterraneoko dietaren ikur diren estatuetan are larriagoak dira datuak: Italian, bederatzi urteko haurren %36 daude gizen. Espainian, %27.Ameriketako Estatu Batuetan presio handia jasan dute elikadura enpresek. Iragarki batzuk erretiratu dituzte, eta beste batzuk aldatu, gaztetxoentzat horren erakargarri izan ez daitezen. Kraft konpainiak, esaterako, Oreo gaileten propaganda gutxituko duela iragarri zuen joan zen astean.
ELIKADURA
Zabor jana jomugan jarri du Bruselako Osasun Batzordeak
Urtebete eman du haurrentzako publizitatea eten dezaten, %25 oso lodi baitaude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu