OSASUNA
Ziklisten sexua
Bizikleten egungo eserleku estuek inpotentzia arazo larriak sortzen dituztela ondorioztatu dute ikertzaileek
Aldaketak egiteko ordua da», esan du berriki Steven Schraderrek, Ameriketako Estatu Batuetako osasuna eta ugalketaren inguruko adituak. Txirrindulari gehienek erabiltzen dituzten eserlekuek erekzio arazo larriak eragiten dituztela frogatzen duten hiru ikerketa aurkeztu ditu sendagileak. Eserlekuen diseinua aldatzea gomendatzen dute adituek. Ameriketako Estatu Batuetan, Italian eta Austrian egin dituzte ikerketak. Ondorioak argiak dira: zenbat eta gehiago ibili bizikletan, orduan eta arrisku handiago dago inpotentzia pairatzeko zein libidoa sexu harremanetarako gogoa murrizteko. Arazoa eserlekuetan dago. Egun erabiltzen diren eserleku gehienek asko murrizten dute sexu organoetara doan odol kopurua. Txirrindulari profesionalen zein mendirako bizikletetako eserlekuek mutur luze eta estua izaten dute. Horren ondorioz, txirrindulariaren pisua perineoaren gainean ezartzen da. Zakilerako zainak itxi egiten dira, eta odolik ez da igarotzen. Litekeena da, gainera, odol falta iraunkorra bihurtzea, presioak arterietako paretak kaltetzen dituelako. Horrek emakumeetan duen eragina ez dute aztertu zientzialariek, baina kalteak berdintsuak izango direlakoan daude adituak. Sexu organoetan 60 urteko pertsona baten odol zirkulazioa duten 28 urteko txirrindulariak ikusi dituela dio Irwin Goldstein urologoak.Zientzialariek konponbideak proposatu dituzte. Ibilaldi luzeetan noizean behin zutitzeko aholkatu diete txirrindulariei. Eserlekuaren angelua aldatzeko esan diete: beherantz begira jarri behar da muturra, pisua hezurren gainean egon dadin, perineoaren gainean izan beharrean. Bizikleta etxeei eserlekuen diseinua aldatzeko eskatu diete. Zabalagoak egin ditzaten eta mutur motzagokoak.Erretzaile guztiek ez dute biriketako minbizia izaten. Era berean, txirrindularien %5 inguruk izango ditu inpotentzia arazoak, Schraderrek dioenez. Irwin Goldstein adituarentzat, ordea, larriagoa da arazoa: «Bi txirrindulari mota daude, inpotenteak direnak eta inpotente izango direnak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu