Gure zerak

Ramon Agirre

Lan bakoitzak ekartzen ditu paisaia, istorio, pertsonaia, lankide zahar eta berriak, entsegu, galdera eta burutazioak… Paul Urkijok Irati abenturan parte hartzeko gonbita egin dit. Izango dut, bai, kaier berrian zer kontatua.

Ramon Agirreren kontakizuna

102

Goizeko laurak eta laurdenetan nire zain zegoen taxista. Bostetan grabaketa guneko makillatze gelan nengoen. Esther, makillatzailea, hautsak alkoholarekin nahastuz ore arrosa prestatzen ari da. 80 urteko gizon baten itxura hartu behar dut bederatzietarako. Ia bost ordu ditu miraria gauzatzeko.

101

Maiz galdetzen didate aktore izan ordez arkitekto izan banintz (horixe nahi zuten gurasoek) zoriontsuago izango ote nintzen, eta behinola zine zuzendari batek esandakoa etortzen zait burura. Bere ibilbide luzean arrakasta handia ezagutu zuen, baina baita porrotik ere. Porrot sonatu horietako baten biharamunean, nola sentitzen zen galdetu omen zioten. «Ez da grabea», esan zuen. «Nik filmak egiten ditut. Zine zuzendaria naiz, ez arkitektoa».

100

Iñaki Ros dabil hemen ekoizle buru. Urte asko pasa dira, berrogei ia, elkarrekin lan egin genuen azken alditik. Akordura ekarri diot Ehun metro filmaren grabaketan nola sufritzen zuen, Patxi Biskert, Joseba Apaolaza, Enrike Salaberria eta neroni, ihesean Iñakirena zen autoan, Seat 1430 gorria oker ez banago, hark nahi baino abaila handiagoan kameraren ondo-ondotik pasatzen ginenean.

99

Ezagutu dut Belén, zuzendaria. Irakurri ditugu nire sekuentziak. «¡Tenemos Quevedo!», esan du, itogina konpondua dagoela esan balu bezala, eta makillatzera joan gara. Zahartu egin behar nautela esan die. «¡Mucho!».

98

Belén Macías zuzendaria Verano en Rojo thrillerra errodatzen ari da Madril eta Iruñean. «Kale» egin dien aktore bat ordezkatzeko hotsegin didate. Zer gertatu den galdetzeko astirik gabe, hasi naiz gidoia irakurtzen. Quevedo, hala du izena, pertsonaia polita da: kazetari ohia, profesional bikaina, ustelkeria kasuak ikertzen ibilia…Ondo. Badu arazo txiki bat halere: ni baino hamabost urte zaharragoa da!

 

 

 

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.