Edukira joan

Publizitatea

AXINTXIO ZUBELDIA (ASMATZAILEA)

"Diseinua eta materiala hobetu nahi ditut, produktua merkeago izan dadin"

Modu automatikoan egiten den ohea asmatu du Axintxio Zubeldiak (Villabona, 1956). 14 urterekin hasi zen lanean, tornuan, eta egun lanbide horretantxe jarraitzen du. Azken hamarkadan, ordea, asmatzaile lanetan ere ibili da, ezkutuan eta isil-isilik.

2012-06-26

  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali

(Asier Imaz, 'Gipuzkoako Hitza')

Denbora gutxian oihartzun handia izan du zuk asmatutako oheak.

Erotu beharrean nabil. Elkarrizketak eskatu dizkidate handik eta hemendik: Euskal Telebistatik, Radio Nacional de Españatik, CNNtik... Duela egun batzuk, ohe automatikoaren bideoak 11.000 bisita zituen Youtuben, eta, hiru egunean, milioi bat bisita baino gehiago ere izan ditu [www.ohea.eu gunean ere badago ikusgai].

Asmakizunari buruzko iritziak ere jaso dituzu.

Bai, horrela da. Harvardeko unibertsitatean ikasitako batek dio etorkizuneko negoziorik hoberenetariko bat izango dela, eta Ingalaterrako batek, ohea egitea iraganeko kontua dela. Hala eta guztiz ere, niri gehien gustatzen zaidana Amerikako Estatu Batuetatik jaso dudan bat izan da, eta horrela dio: "Ostia, Patxi!" [barreak].

Noiz etorri zitzaizun burura ohe automatikoaren ideia?

Duela hogei urte, baina duela hamalau hasi nintzen ideia horretan lanean; hori bai, lasai-lasai. Lau hilabetean, adibidez, ez nuen ezer egiten, eta hurrena, gelditu gabe: prototipoa egin eta huts, dena zakarretara, eta gero berriro lanera, beste modu batera. Horrek ez bazuen funtzionatzen, berdin: berriro hastea tokatzen zen.

Duela hogei urteko ideia hura eta gaur egun etxean duzun prototipoa berdinak al dira?

Ez. Hasieran, modu automatikoan egin eta garbitzen zen ohe bat nuen buruan. Ideia hori, ordea, ez zen errentagarria: gastu gehiegi zituen, eta traste handiegia zen. Duela hiru edo lau urte hasi nintzen lanean orain esku artean dudan ohean; hori bai, ordura arte egindako lan guztia lagun nuela.

Prozesu baten amaiera da, beraz.

Thomas Alva Edisonek esaten zuen bezala, inspirazioa edo ideia asmakizunaren %1 da, eta izerdia edo transpirazioa, %99. Hona iristeko, hainbat urtetako lana behar izan dut. Hau ez da gau batean amets txar bat izan eta hurrengo egunean egiten den zerbait. Izugarrizko lana da: prototipoak egin eta egin aritu behar izan dut.

Patentea duela hiru urte eta erdi egin zenion ohe automatikoari, prototipoa bukatu aurretik. Zergatik?

Italiar batek modu automatikoan egiten zen ohe bat asmatu zuela irakurri nuen Interneten; hori bai, beste modu batera. Hala eta guztiz ere, hiru egun pasatu nituen lorik egin gabe eta ezer jan gabe. Larunbatean irakurri nuen albistea, eta astelehenean patentea egitera joan nintzen.

Zertan datza patenteen gaia?

Patentea egiten duzunean, lehen 30 hilabeteetan mundu guztirako balio dizu. Gero, ordea, babesik gabe gelditzen zara mundu zabalean. Duela urtebete, epea amaitzear nuenean, nazioz nazio egin behar izan nuen patentea: AEBetan, Kanadan, Brasilen, Indian, Txinan, Japonian, Argentinan, Venezuelan...

Noiz amaitu zenuen bakarrik egiten den ohearen prototipoa?

Aurtengo urtarrilean.

Eta orain, zein da zure helburua?

Zer esango dizut, ba... [barreak].

Patentea saltzea aukera bat izango litzateke, ezta?

Ideia horrek ez nau askorik erakartzen. Gustatuko litzaidake enpresabururen bat edo produktuan inbertitzeko asmoa duen norbait etortzea, guztia martxan jarri eta merkaturatzeko.

Nolako eskaintzak jaso dituzu?

Alde batetik, banakoenak. Horiek etorri zaizkit esanez ohea bera erosi nahi dutela, euren seme-alabentzat eta abar. Batek, adibidez, Kanadara bidaltzeko esan zidan. Kontuak kontu, horrelako hamar bat eskari jaso ditut. Beste alde batetik, enpresa eta banatzaileen eskaintzak daude. Indiatik, adibidez, idatzi zidaten esanez negozioak egin nahi zituztela nirekin; Asiako banatzaile nagusiak omen ziren. Nik horiei guztiei esaten diet ohea oraindik prototipo bat besterik ez dela, eta ez dagoela merkatuan. Diseinua eta materiala hobetu nahi ditut, besteak beste, azken produktua merkeagoa izan dadin.

Bien bitartean, tornuan aritzen zara Zizurkilgo lantegi batean, langile.

Hori da.

Eta, urte hauetan guztietan, zer esaten zenien lankideei?

Asmakuntza bat egiten ari nintzela esaten nien, baina ez nien esaten zer ari nintzen egiten [barreak].

Zer esaten zizuten?

Barre egiten zidaten, pitzatuta nengoela eta abar [barreak].

Edison asmatzailea aipatu duzu lehen; nolabait identifikatzen al zara asmatzaile ospetsu horrekin?

Haiek urtero asmatzen zuten zerbait, eta nik hogei urte behar izan ditut ohe hau egiteko. Einstein, Newton, Edison, Marie Curie, Tesla eta abarren inguruan aurkitu dudan guztia ikusi eta irakurri dut, zertxobait identifikatzen naizelako haiekin, baina, nire bizitzan, asmakuntza ez da izan lehentasun bat; baserrian lana baldin bazegoen, hori zen garrantzitsuena; jatenak egin edo belarra ondu behar baldin bazen, lehena hori zen, eta, gero, denborarik baldin bazegoen, gainerakoa.

Zein izan da zure inspirazio iturria?

Hutsek motibatu naute gehien. Gauzak gaizki ateratzen zirenean aritzen nintzen hobekien. Gauza bat ongi ateratzen ez zitzaidan bakoitzean, hori konpontzea besterik ez nuen buruan. Behin eta berriz saiatu ondoren, funtzionatzen zuela ikustean, berriro ere lasai hartzen nuen guztia.

SELECT SQL_NO_CACHE id,kopurua FROM albis_ikusiak WHERE albis_id='1730' AND data='2021-08-02' LIMIT 1