Edukira joan

Publizitatea

ZINEMALDIA

Koldo Almandozek irabazi du Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketa

Bigarren saria Patxi Basabek eskuratu du, 'Heda nazazu' lanari esker. Lekeitioko Euskal Zine Bilera omendu dute, zinema bultzatzeagatik. Bideoa: 'Garai berriak' Koldo Almandozen film laburra.

2014-09-26

  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali

Pertsona bat gosaltzen azaltzen da, irratia euskaraz entzuten duen bitartean; planoa zabaldu, eta BERRIA irakurtzen ari da. Bat-batean, buelta ematen du, eta guardia zibil bat da. Barre egin du jendeak irudiak ikusita. Hori da Koldo Almandozek Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketara aurkeztutako istorioa. Izenburua: Garai berriak. Eta duen originaltasun eta umoreagatik eskuratu du lehen saria, 2.000 euro. BERRIA egunkariko zuzendari Martxelo Otamendiren eskutik jaso du. Almandoz, baina, ez da izan garaile bakarra. Euskararen inguruko film gehiago ere proiektatu ditu Kontseiluak lehiaketako sari banaketan.

Patxi Basaberen lanarentzat izan da bigarren postua, Heda nazazu obrarengatik. Giltzarrapoa ahoan azaltzen da gazte bat bideoan; ezin hitz egin, ezin komunikatu. Haren askapen prozesua kontatzen du ikus-entzunezkoak. Zineuskadiko Clara Monterok eman dio bigarren saria, 1.000 euro.

Eta eguneroko detaile txikiez ari den film bat heldu da hirugarren postura: Dabid Bernuesen Kontu txikiak lana. Bere alaba grabatu du zuzendariak. Hilabetetako umea izanik, oraindik ez daki solasean, baina euskarazko azpidatziak jarri dizkio, etorkizuneko euskaldun bat imajinatzen duelako harengan. Hamaika telebistaren eskutik jaso du ordainsaria, 500 euro.

Almandozek, Basabek eta Bernuesek jaso dituzte hiru sariak, baina izan da bestelako sail bat ere: amateurrena. Bertan, bigarren eta hirugarren sariak ez dituzte banatu, baina izan da irabazle bat: Uxue Arzelus. Egunero izeneko bideoarekin erdietsi du aurreneko postua. Hitzik gabeko obra bat da, eta, norberaren hautuaz gain, inguruak euskararen erabileran duen garrantzia aipatzen du.

Lekeitioko Zine Bilera

Lehiaketa ez ezik, omenaldirako tartea ere izan da. Lekeitioko Euskal Zine Bilerak egindako jarduna azpimarratu du Kontseiluak. Euskararen normalizaziorako «lan handia» egiten dutela azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. «Ikaragarria» da landutakoa, haren aburuz. Eta zinemagintzan «arnasguneak» sortzea eskertu die. 30 urte baino gehiago daramatza Zine Bilerak euskarazko zinemagintzaren inguruan lanean. Bilerako kideek omenaldia eskertu, eta azaroaren 23an zinema jaialdia egingo dutela iragarri dute.

Anabel Arraiza antzezleak bete du aurkezle lana sari banaketan. Besteak beste, lehiaketa Donostiako Udalak eta Kontseiluak elkarren artean garatutako proiektua dela oroitarazi du, eta hizkuntza eskubideen inguruan aritu da. «Dinamika honen helburua euskal herritarrok euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun eragitea da. Ez dakienak ikasiz, eta dakienak erabiliz». Hain justu, «erabiltzeko aukera» aldarrikatu du. «Ezinbestekoa da gure egunerokoan egiten ditugun gauza guztiak euskaraz egin ahal izatea, besteak beste, zinema euskaraz ikusi ahal izatea».

Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek ere hitz egin du. Garaileak zoriondu, eta esker oneko hitzak izan ditu Kontseiluarentzat. «Zinema eta euskara elkartzea oso polita da», adierazi du. Era berean, Zinemaldian euskararen presentziak gora egitearen garrantziaz aritu da.

SELECT SQL_NO_CACHE id,kopurua FROM albis_ikusiak WHERE albis_id='3320' AND data='2021-05-08' LIMIT 1