Gero eta argiago ari da geratzen Gasteizko udal gobernu berriak, PPkoak, aldatu egingo duela Montehermoso Kultur Zentroaren jarduera ildoa eta zuzendari aldaketarekin mamituko dela bide berri hori. Izan ere, egungo zuzendari Xabier Arakistain Arakis-ek ezaugarri propio eta sendoz jantzi du Montehermoso, sexuen arteko parekidetasuna bultzatzea eta zapalkuntza mota horren mekanismoak azalaraztea ardatz hartuta. Artearen arloko zein kulturaren beste sektore batzuetako eragile askoren txaloak jaso ditu Arakisen ildoak.
Baina udal agintari berriak, agidanez, ez dira iritzi berekoak. Encina Serrano Kultura zinegotziak adierazitakoari erreparatuta, murriztailea iruditzen zaie kultur zentro baten jardunaren muina parekidetasuna eta artearen berrikuspen feminista izatea. Izan ere, Serranok ildoa aldatzeko eman duen argudio nagusia «publiko guztietara» heltzeko nahia da. Aurretik, EAJko agintariak ere mintzatu izan dira proiektuaren aurka, Malentxo Arruabarrena Kultura diputatu ohia buru dela; PPkoek bezala, Montehermoso «herritar guztiei» zabaldu behar zaiela eman zuten arrazoitzat haiek ere.
Baina neurri handi batean hori da Arakisen ekarpena: normalean gutxietsia, bazterrekoa eta ezkutukoa gertatzen den arte eta pentsamenduaren ildoa, ildo feminista, herritar guztien eskura jartzea; jendeari hain goraipatuak diren ikuspegi kritikoak lantzeko elementuak ematea. Harrigarria da jarduera horri murriztailearen marka jartzea, batik bat erakunde eta alderdi guztiek genero politiken transbertsaltasuna aldarrikatzen dutenean.
Hizpideak
Arakisen ekarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu