Hizpideak

Argiak piztuta daude

Iker Aranburu.
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Berandu da askorentzat —eta, agian, goizegi gutxi batzuentzat—, baina ezker abertzaleak nahi eta ahal izan duen modurik argienean eskatu dio ETAri behin betiko armak uzteko. Urrats garrantzitsua da, atzo txoko honetan bertan aipatutako lurreratze pistan argiak piztearen neurrikoa. Hegazkina noiz lurreratuko den zain daude orain denak. Eta adi lurreratzean egin ditzakeen keinuei ere.

Baina zer gertatzen da beste hegazkinekin? Zer Aieteko konferentziak egindako beste bi eskaeren jasotzaileekin? Publikoki, behintzat, Espainiako Gobernuak ez ikusiarena egiten du, eta Frantziak, gorrarena. Horren atzean beste zer edo zer ezkutatzen ote den noizbait jakingo dugu, baina oraingoz ez da baikor izateko itxaropenik. Madrilgo prentsarik erreakzionarioenak Annan, Joxe eta besteak «ETAren zerbitzari» eta halakoak direla hizki handietan esateak erakusten du askok betiko nahi dutela hegazkin hori airean.

Azken lurreratzeak, elkarrizketa politikoenak, luze joko du, eta botoek eta presioak ekarri beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.