Xabin Makazaga.
Hizpideak

Bizitzea lehenetsi du

2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Josu Uribetxebarriak hamabost egun egin ditu gose greban, aske utz dezaten. Atzo utzi zuen Donostiako Ospitaleko baraualdia, eta, hirugarren gradua emana dioten arren, baldintzapeko askatasuna noiz jasoko zain dago minbizia hilurreneko fasean duen presoa.

Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak oniritzia eman zion Uribetxebarria aske uzteko prozedurari, baina Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak askatzeko erabakia trabatu nahiago izan du, prozedura atzeraraziz. Noiz arte? Ikusteko dago; baina, Uribetxebarriaren egoera larria aintzat hartuta, agerikoa da beranduegi iristeko arriskua.

Uribetxebarriaren egoera bertsuan, beste hamahiru euskal preso daude gaixotasun larri eta sendaezinekin, Espainiako legediak aurreikusten duen onura jasotzeko zain. Eta gaixo dauden preso horiek aska ditzatela eskatzeko, ia 550 presok hasi zituzten gose grebak eta bestelako protestak Espainia eta Frantziako espetxeetan; atzo hamaseik utzi zioten. Gaixo diren presoekin bezalatsu, Parot doktrina ezarria dietenekin ere azken urtean ezer aldatu ez balitz bezala ari da jokatzen Espainiako Gobernua, lege bihurriak are gehiago bihurrituz.

Euskal Herrian, ordea, bestelako haize batek jotzen du. Eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ikusiko da indar politiko bakoitzak nora zuzendu nahi duen ontzia. Izango dira haize-kontra saiatuko direnak, eta presoen auzia aingura bihurtu nahi izango dutenak ere, egoerak korapilatuta jarrai dezan. Uribetxebarriak korapiloa askatzen saiatzea lehenetsi du, gatazkaren ondorioa litzatekeen beste heriotza bat ekiditea. Bizitzea, luze ez duela iraungo jakin arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.