Flotilla esaten zaio, baina urtetik urtera handiagoa da. Estelle urrian Palestinara elkartasuna adieraztera joango den ontzia Euskal Herrian da egunotan. Larunbatean iritsi zen Donostiara, eta gaur Bermeon egingo du geldialdia. Hilabete bi ditu Gazara iristeko, eta bidean hainbat eskala egiten ari da Europako portutan, mezulariak ere behar duelako elkartasuna kasu honetan. Askatasunaren hirugarren flotilla da aurtengoa. Ikusgarriak izan ziren beste biak, ehunka ekintzaile zituzten. Lehenengoan, Israelek Mavi Marmara ontzia abordatu egin zuen nazioarteko uretan; bederatzi lagun hil zituzten, eta oihartzun handia izan zuen operazioak. Nazioarteak, ordea, ez zuen zigortu Israel. Iaz, ontziak gehitu egin ziren, baina Israelek, orduan, Mediterraneoko portuetan gerarazi zituen guztiak; Gernika izenekoa Grezian dago oraindik.
Estelle ontzi bakarra da, belaontzia; laguntza ez darama tonaka, aurreko flotillek bezala. Ez da zamaontzi itzela, gure portuetara iristen direnean txiki sentiarazten diguten horietako bat. Ezta, turista aberatsez beteta, gure kostaldea nazioartean kokatzera etorritako itsas bidaldietako ontzi luxuzkoa. Bere txikitasunean, elkartasunak betetzen ditu Estelle-ren belak. Horregatik egin behar ditu geldialdiak, ufada gehiagoren bila, indarra hartzeko. Horregatik, eta nazioarteko herrialde gehienek men egin diotelako aurreko bi urteetan (eta aspaldian) Israelen interesei, tartean, baita Estelle-k geldialdiak egingo dituen herrialdeetako estatuburuek ere.Kutsusinbolikoa du hirugarren flotilla honek, Daviden erronka handia. Eta urrian gertatzen dena gertatzen delarik ere, ari zaio Goliati irabazten, haizeak bultzatuta.
Hizpideak
Elkartasun belak betez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu