Espainiako Gobernuak Saharako herriari laguntzen dioten kooperanteak handik ateratzea erabaki du, alde bakarrez, «eraso terrorista bat izateko arriskua» argudiatuta. Elkartasunean zaildutako erakundeek, ordea —izan MunduBat, izan SEADen Lagunen Elkartea, izan Hegoa, edo beste—, ez dute amua irentsi. Espainiako Atzerri ministroak berehalako eraso baten datu zehatzak dituela esan arren, beren herritik basamortuko lekurik idorrenera baztertutako sahararrei laguntzen jarraitzeko asmoa dute. Espainiak kolonia Marokoren atzaparretan utzi zuenetik, elkartasuna baita sahararrek irauteko bide bakarra.
Mali iparraldeko ekintzaileek iaz hiru kooperante bahitu izana baliatu du Espainiako Gobernuak —eta ez Europako beste ezein gobernuk— Fronte Polisarioa estutu eta egun Marokok Saharari eskaintzen dion statu quo-a onar dezan presionatzeko. Saharako herria bigarren aldiz abandonatu nahi duela ere esan liteke, 1975ean Marokoren Martxa Berdearen esku utzi zuenean bezalaxe. Are gehiago: Fronte Polisarioak segurtasun neurriak indartu dituela eta kanpalekuetako egoera «inoiz baino seguruagoa» dela diote kooperanteek. Iazko bahiketa, gainera, Saharan 40 urtean izandako lehena izan zen.
Ez da arraroa, beraz, kooperanteek uste izatea Espainiak —bere erantzukizun historikoari aurre egin ordez— Marokori mesedetxo bat egin nahi diola, gero arrantza kuota edo fosfato ustiategiren baten bidez ordaintzekomodukoa. Tindufko kanpalekuen garapena eragoztea bortxakeria dela salatu dute, eta joko horretan kooperanteak eta elkartasuna erabiltzea ez dutela ametituko argi utzi dute.
Hizpideak
Elkartasuna eta negozioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu