Ahoz aho erabiltzen den hitza da errespetua. Norberak bere izatea edo jarduna gutxiesten dela sumatzen duenean ozenago entzuten da, trumoia ekaitzean bezala. Errespetua beste batek eskatzen duenean, ordea, entzun nahi ez duenarentzat urrutiko hots bihurtzen da, gertu eta behin eta berriz entzun arren, itsasoko olatuen moduan, oharkabean pasatzen dena.
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak «errespetu instituzionala» eskatu dio hurrengo Eusko Jaurlaritzari. Jakingo du Barcinak, baina, errespetua merezi izateko lehen baldintza dela norberak besteak errespetatzea eta kargudun publiko batek herritarrei zor diela errespetua lehenik. Ez dago lezioak emateko moduan horregatik.
Errespetua arlo instituzionalera eramanda, gainera, eskatzen hasi aurretik, Hizkuntza Gutxituen Ituna bete eta Europatik egin dioten salaketari kasu egin beharko lioke. Salaketa egin eta biharamunean gobernuak ETBren hedapenerako dirurik jarri gabe segituko duela iragartzea barre egitea da, eta errespetua hitza erabiltzea, gainera, iraingarria.
Hizpideak
Errespetua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu