Hurrengo Eusko Jaurlaritza osatzeko konbinazio posibleak ugari dira, baina gutxik dute behar besteko probabilitateagertatzeko. Gobernu formulari dagokionez, bi aukera aurreikusten dira: koalizio gobernua, edo kolore bakarreko gobernua gutxiengoan. Hauteskundeak irabazteak berebiziko garrantzia izango du lehendakaria aukeratzeko eta gobernu aliantzak zehazteko orduan, baina, 2009an gertatu zen antzera, baliteke ez izatea erabakigarria. Azken bi hauteskundeetako emaitzak kontuan harturik, bietako batek, edo EAJk edo EH Bilduk irabaziko ditu hauteskundeak. A priori, EAJk izango ditu emaitza hobeak, pendulu efektua eta boto baliagarriaren eragina (EH Bilduk gobernatzea nahi ez dutenena) alde dituelako. Baina boto guztiak kontatu arte ezin da jakin. Halaber, kontuan hartu behar da boto kopuruak eta aulki kopuruak ez direla guztiz proportzionalak. EAJk, irabazten badu, lehendakaritza eskuratuko du, politikoki ezinezkoa baita EH Bildu eta PSE elkartzea EAJ baztertzeko. BainaEH Bilduk irabazten badu, posible da EAJ eta PSE elkartzea gobernua eskuratzeko.
Matematikoki batuketa batek gehiengo osoa emango du: EAJ gehi EH Bildu. Probable da abertzaleen arteko gobernu bat? Lizarra-Garaziko aurrekariak erakusten du gobernu akordio haren atzean apustu estrategiko zabalago bat zegoela. Gaur-gaurkoz horrelako akordio estrategikorik ez dago. Hori gabe ez da oso probablea abertzaleak ados jartzea gobernua osatzeko. EAJk irabaziz gero, errazagoa da PSErekin akordioren bat egitea, hark nola edo hala gobernutik basamortura joatea saihestu nahi duelako. EH Bilduk irabaziz gero, abertzaleen arteko akordioak probabilitate gehiago izango luke.
Hizpideak
Gobernu aukerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu