Zenbat palestinarren amets ez ote duten zapuztu... Indarra duenaren jostailu, gerrako tankeen antzera, eraitsi beharreko helburuaren etsai. Indar erakusleak dira: hagin zorrotz, pala sakon eta beso luzeak. Historia bizia hauts bihurtzen dute instant batean. Kolpe zorrotz erabakigarriaz. Amorrua eta negargura baino ez dute uzten kolpea jasan duenaren barruan. Huts handi bat baino ez. Eta, burrunba lotsagabearen ostean, isiltasuna. Isiltasun mingotsa. Une gogoangarriak utzi dituzte oroimenean: Itoitz, Euskal Jai, Urbina, Hebron, Ramala, Jerusalem...
Baina hauts artean beti altxatzen dira ametsak. Eraitsitako harriak banaka-banaka jaso, eta atzera zutik jarrita. Ondo dakite hori palestinarrek. 60 urtetik gorako okupazio bortitzaren ostean, estatu burujabe izateko eskubidea dutela gogorarazi diote NBEri berriz. Hondeamakinen gidariek ezetz erantzun diote. Baina gero eta gehiago kostatzen zaie ukoari eustea. Palestina estatu izango den eguna hurbilago dago atzotik. Baita beste Kukutza bat zabalduko dutena ere.
Hizpideak
Hondeamakinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu