Jendetza handia bildu zen atzo Donostian, Aste Nagusia hastearekin bat, Josu Uribetxebarriaren eta gaixotasun larri eta sendaezinen bat duten beste 13 euskal presoen askatasuna eskatzeko. Gose grebak ere hasi dituzte, espetxeetan nahiz kalean, Espainiako Gobernuak euskal presoekiko politikan gizatasun apur bat erakuts dezan. Presio bide horiek guztiak, ordea, alferrikakoak izango direla esana du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Gose grebak gorabehera, «legea bete» egingo dute. Horixe da Herrira-ko kideek eskatzen dutena: presoen giza eskubideen errespetua, legeak aurreikusten duen gisan.
ETAk ekintza armatuak behin betiko baztertu zituenetik ia hamar hilabete igaro direla, Mariano Raxoiren gobernuak ez dirudi soka laxatzeko inolako asmorik duenik. PSOE agintean eta PP oposizioan izan ziren urteetan, Zapateroren gobernuak elkarrizketa bideak zabaldu zituelarik, ETAren porrota ikur bihurtu zuten popularrek. Bakea bera baino gehiago, helburua «garaipena» zen. Eta lelo horri eusten diote oraindik ere, horretarako preso gaixoak espetxean hiltzera kondenatu behar badituzte ere. Parot doktrina ezarrita aske behar luketen presoak beste dozenaka urtez espetxean atxiki behar badituzte ere. Estrasburgoko auzitegiaren ohartarazpenei jaramonik egin ez, eta salbuespen neurriak ohiko jardunbide bihurtu dituzte. Eta euskal presoei etsaiaren politika ezartzeak, gainera, botoak ematen ditu Espainian.
Duin hiltzeko aukera, hori ari dira eskatzen Uribetxebarriarentzat. Horrek ez luke garaipen bat izan behar inorentzat. Aukera horren ukazioa, aldiz, porrota litzateke guztiontzat.
Hizpideak
Legearen neurriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu