Hizpideak

Lotsa alardea Hondarribian

Jaizkibel konpainiaren desfilea, betiko alardekoen aterki beltzen aurrean, iaz. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
inaki petxarroman
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Hondarribiko alardean, eta hura prestatzeko saioetan, hainbat kaletatik desfilatzea debekatu dio Herrizaingo Sailak Jaizkibel konpainia mistoari. Istiluak izateko arriskuaaipatu du Jaurlaritzak erabakia argudiatzeko. Baina, neutraltasun itxura, kasu honetan, ez da ulergarria. Hasteko, emakumeak alardean eskopetadun gisa parte hartzen hasi zirenetik lehen mailako gertaera soziopolitiko bihurtu delako alardea. Eta, gainera, gatazkan parte hartzen duten bi aldeak ongi definituta daudelako jadanik: batetik, emakumeei festan berdintasun baldintzetan parte hartzea galarazi nahi dietenak daude —Betiko Alardearen Aldekoak, Alarde Fundazioa eta udala— ; eta, bestetik, emakumez eta gizonez osatutako Jaizkibel konpainia misto parekidea.

Hamabost urte hauetan alardearen gora-beherak gertutik aztertu dituztenek badakite zenbat iseka, eskubide urratze, boikot eta eraso jasan dituzten emakumeen eskubideen alde agertu direnek. Badakite zenbat gusturik txarreneko irain sexista eta homofobo pairatu dituzten Jaizkibelekin desfilatzera ausartu direnek. Baina, haize eta enbataren aurka, irautea eta haztea lortu dute, gero eta gazte gehiago bildu direlako haiengana.

Urteotan Jaurlaritza izan da eskubide urratze horien lekuko zuzen —Emakunde eta Ertzaintza urtero izan baitira bertan—. Horregatik, ez da ulertzen zenbait kale erabiltzea debekatzea erasoen jomuga izan denari, emakume guztien eskubideen alde ari direnei. Emakume bat hiltzen den bakoitzean eskuak burura eramaten dituzten agintariek bi aldiz pentsatu beharko lukete zenbait erabaki hartu aurretik. Lotsa alarde gehiago ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.