Hizpideak
Lotuta, askeago
Ez da denbora asko behar izan, helegiteak helegite, Espainiako Gobernuak Estrasburgoren erabakia bete beharko duela jakiteko, eta dagokien eskaera aurkeztu ondoren preso gehiagoren egoera ere baldintzatuko duela iragartzeko. Legelariei galdetu, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak bete beharrekoak direla garbi dago; beste kontu bat da noiz beteko duen. Helegitea aurkezteko hiru hilabete ditu Mariano Raxoik, baina denborak, kontrakoa uste arren, haren aurka egin dezake. Sei hilabete pasa dira PPk Madrilen agintea hartu zuenetik, eta haren geldialdia gero eta jende gehiagorentzat da ulergaitza. Egoera ekonomikoak eskaintzen dion aterkipetik atera behar du, herenegungo erabakia baliatuz hau garai politiko berri bat dela ukatzen dutenen artean aldarte berri bat ereiten hasteko. Bete beharrekoa den eta lagungarri izan dezakeen horren aurka egiten badu, ordea, bere sarean harrapatuta geratuko da gero eta gehiago, eta sare horretan berekin harrapatuko ditu, hain zuzen, aurrera egiteko bidean preso geratu arte traba egingo diotenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu