London 2012 amaitu da. Urteko kirol ikuskizun handiena itzali da. Amets egiteko tokia omen dira Olinpiar Jokoak. Dominekin amets egiteko tokia. Baina amets guztiak ez dira berdinak. Olinpiar Jokoetan, egon badago tokia txikiek amets egin dezaten: estatu txikiek, kirol ahaztuek edota kirolari xumeek... aintzarako eta osperako aukeraren bat izaten dute. Malko ugari ikusi izan dira egunotan, eta gehienak garaipenak edo domina baten lorpenak emandako pozaren eta zirrararen eraginez izan dira. Malkoetan ez dago diferentzia handirik, berdin egiten dute negar kirolari izarrek eta kirolari ezezagunek. Azken batean, denek sufritu dute kirolaren Olinpora iristeko eta denek egin dute amets emaitza onekin.
Baina Olinpiar Jokoetan kirol ikuskizun handiak dira nagusi, atzetik errentagarritasun ekonomikoa daukatenak. Ez dago berdintasunik. Kirol aberatshorietan oinarritzen dira jokoak, horiek dira ikuskizuna errentagarri egiten dutenak, horiek daude prime time orduetan programatuta.
Olinpiar espiritu hutsetik urrun samar egon arren, kirol handi eta eliteko kirolari horiek ere une ederrak eta gogoangarriak eskaini dituzte (Michael Phelpsek, Usain Boltek edota 4x100ko Jamaikako dream team-ek eskainitakoak, esate batera). Baina merezi du gogoan izatea kirolari xumeen ahalegina; haien artean, euskal kirolariena. Merezi izan du partekatzea Maialen Chorrauten eta Maider Undaren poza haien ametsa betetzean. Eskertzekoa izan da haien jarrera eta ahalegina. Eskertzekoa bizipenak euskaraz partekatzea. Estatu txiki baten ordezkari izateko ametsa betekizun gelditu da. Hurrengo batean.
Hizpideak
Olinpiar ametsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu