Ez dauka ezer esateko Nafarroako Gobernuak hainbat alderdi politikok eta gizarte eragilek egin dizkioten salaketen inguruan. Izan ere, paperik gabeko immigranteak artatzeari utzi dio Osasunbideak, gaitz larriak dituztenak barne. Aldi berean, osasun txartelak berritzeari uko egiten ari zaio gobernua. Krisiaren aitzakian, gizarte baten aurpegirik krudel eta ankerrena geratzen ari da agerian, eta, oraindik, une larriagoak etortzekotan direla ari zaizkigu esaten handik eta hemendik, joan den asteazkenean Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Begoñako Ama Birjinaren aurrean bezala.
Kapitalismo bihotz gabekoaren gabeziak estali eta makillatu izan ditu orain arte zuzenbideko estatu sozialak, baina hori iraganeko kontua da jadanik. Izan ere, Nafarroan paperik gabe dauden 6.000 immigrante inguru kale gorrian eta inolako osasun artarik gabe utzita zenbat aurreztuko duen adierazi beharko luke Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Denon lotsak airean uzteko sikiera, gobernuarenak eta gobernuak ordezkatzen dituen herritar guztienak.
Espainiako Gobernuaren araudia indarrean jarri aurretik hasi da UPN osasun apartheid-a aplikatzen. Raxoiren ikaslerik aurreratuena izan nahi du Barcinak, eta, hori lortzeko, berdin dio zer irudi ematen duen hainbat neurri horren zorrotz jarraitzeak.
Agerikoa da Nafarroari asko eta asko eman diotela —eta ematen diotela— kanpotik lanera etorri direnek, zerbitzu publikoetatik jasotzen duten baino dezente gehiago. Eta zaila da aurkitzea haien ekarpen hori eskertzeko modu itsusiagorik. Ez da harritzekoa alde egiten hasi izana.
Hizpideak
Osasun 'apartheid'-a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu