Hizpideak

Potentziaren inpotentziak

enekoitz telleria sarriegi
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Akordioa lo(r)tzea ezinbestekoa zen, eta akordioa egon badago. Demokratek eta errepublikanoek topatu dute erdibide bat,AEBetako Senatuaren galbahea gainditzeko modukoa, baina Ordezkarien Ganberak zulo txikiagoekin jarritakoan kateatuta ez ote den geldituko da orain zalantza. Azken aukera horren ondorioa herrialdearen erabateko kiebra eta munduko ekonomiaren goitik beherako arrakala ia konponezina litzatekeela kontuan hartuta, badirudi aurrera egingo duela.

Baina kaltea eginda dago, eta irabazle nor irten den ez dago argi. AEBek munduko lehen potentzia gisa izan zezaketen sinesgarritasuna galdu dute. Eta oso zaila behar luke izan jada munduko ekonomiaren ugazaba erreferentziazkoa hura izatea. Etxean gertatutakoak mundu osoan eragin dezakeela jakinda ere ez direlako gai izan etxeko lanak ongi egiteko.

AEBetako gizarteak ez du ulertu zer gertatu den, eta handik kanpokoek, are gutxiago. Obamak amore eman du. Zorpetzearen muga igoko du, baina gastu soziala murriztuko du eta ez ditu aberatsenen zergak igoko. Emandako hitza jan behar izan du akordio mesedegarriagoen mesedetan. Ezkerretik gogor hartuko diote kargu, eta haren negoziaziorako ahalmena ere ezbaian gelditu(ko) da.

Zorpetzearen muga 77 aldiz aldatu da AEBetan azken 50 urteetan, eta aurten arte ez da horrelakorik gertatu. Errepublikanoen garaipentzat jo liteke hori, baina, etxera eta kanpora begira, hauteskunde interesen arabera etxekoak bezala kanpokoak saltzeko gai direla erakutsi dute. Munduko ekonomiaren oreka Tea Partyko kontserbadoreen esku dagoela ere bai, ordea. Ematen du zer pentsatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.