O porrak hartu ezinik daude Espainiako eta Italiako agintariak. Ekonomiak ez du etenik, eta merkatuek ez diete atsedenik eman nahi. Zor publikoa kontrolatu ezinik, burtsa dardarka, datu makroekonomikoak gorriz... Hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri berri du Espainiako gobernuburuak, horrekin ezegonkortasuna gutxituko zelakoan. Baina, antza, iragarpenak ez du eragin positiborik izan merkatuen egoeran. Bistan da, agintari bat edo beste bat izan gobernuan, berdin zaiela espekulatzaileei. Gakoa egoera ekonomiko ahula da, horren gainean egiten baitira mugimendu ekonomiko espekulatiboak. Birus baten antza du, ahul dagoen organismoari erasotzen baitzaio, eta erasandakoari medikazioa jartzen zaionean, ahul egon daitekeen beste subjektu baten kontrako erasoa gertatzen da.
Independentistak Sareak Euskal Herriak estaturik ez izatearen ondorioei buruzko gogoetarako deia egin du, egoera ekonomikoaren harira. Espainiarekiko menpekotasunak euskal herritarren garapen ekonomikoa oztopatzen duela argudiatu du. Ariketa interesgarria bezain korapilatsua da aztertzea zein izango litzatekeen Euskal Herriaren egoera ekonomikoa estatu independentea izango balitz. Indartsuago edo ahulago izango litzateke merkatuen erasoetatik babesteko? Tresna gehiago izango lituzke ekonomia sendotu eta garatzeko? Europako inguru ekonomikoak aukera emango luke bestelako eredu ekonomiko bat garatzeko? Non dago menpekotasun ekonomikoaren jatorria? Soilik menpekotasun politikoan? Zein dira tresnak eta irtenbideak ekaitz ekonomiko hauek hobeto pairatzeko?
Hizpideak
Udako ekaitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu