Hizpideak

Vatikanoko diplomazia

Pello Urzelai.
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Erro historikoak ditu, eta ospea ere bai. Vatikanoko diplomaziak itzal luzea du munduko gatazken konponbidean, bake prozesuen garapenean. Era askotako esku hartzeak izan ditu historia garaikidean. Euskal auzian ere esperientzia du Vatikanoko diplomaziak. Joan Paulo II.a zenaren aitasantutza luzean, Eliza katolikoak esku hartze ugari izan ditu, bakea helburu. Ezagunenak 1998-99ko su-etenekoak izan ziren. Esku hartze zuzenenak euskal elizaren bitartekaritzaren bidez izan ziren, baina Joan Paulo II.ak berak ere parte hartu zuen. 1999ko urtarrilaren 11n, urtero legez, Vatikanoan kreditaturik dagoen gorputz diplomatikoa bildu eta hitzaldia eman zion, munduko gertaera garrantzitsuenen balantzea egiteko. Orduan, poza agertu zuen aita santuak bake prozesuari buruz: «Lehen aldiz, euskal lurraldeei aukera ematen die indarkeriaren mamuarengandik urruntzeko eta normalizazio prozesu batean serioski pentsatzeko».

Aurreko kontu horiek eta beste batzuk kontuan hartuko zituen Ramon Jauregi Espainiako Lehendakaritza ministroak herenegun, Vatikanoko estatu idazkari Tarsicio Bertoneri laguntza eskatu zionean, indarkeriak eragindako zauriak ixte aldera. Atzo, Vatikanoko bozeramaile Federico Lombardik jakinarazi zuen Vatikanoak arretaz entzun zituela Espainiako Gobernuaren hitzak, baina «jarrera hartu gabe, sakontzeko gaiak direlako». Badirudi oraingo aita saintuak, Benedikto XVI.ak, ez duela aurrekoak besteko kezkarik euskal auziarekin. Kontu ideologikoak lehenetsi ditu Madrilen egunotan, egungo bake aukerari aipamenik txikiena egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.