Pello Urzelai.
Hizpideak

Zinezko aukera

2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hauteskunde eguna jarri du azkenean. Urriaren 21ean izango dira, Aieteko Adierazpenaren eta ETAren erabakiaren lehen urteurreneko astean. Hamaika aldiz ukatu arren, hauteskundeak aurreratzea beste erremediorik ez zuela izango aurreikusten zen, eta halaxe gertatu da. Besteak beste, aspaldian amaitua zuelako bere denbora Patxi Lopezen gobernuak. Berez, hasieratik izan da auzitan, fikziozko gehiengo batean oinarritu zelako, eta euskal gizartearen benetako gehiengoaren borondatearen kontra eraikia izan delako. Legez kanporatzearen politika gainditzen hasi zenetik, 2011ko udal eta foru hauteskundeetatik, are argiago gelditu zen alderdi sozialistaren gobernua birtuala zela eta herri borondatearekin bat ez zetorrena.

Duela hamar hilabete ETAk plazaratutako erabakiaren ondoren,konponbide eta bake iraunkorraren oinarriak jartzeko aukera ezin hobea sortu da Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra ez dira aro berriaren sustatzaile izan, traba baizik. Zama izan dira konponbide integralerako. Zama, era berean, euskal gizarteak bakearen alorrean zein krisi ekonomikoaren eremuan euskal herritarrek behar dituzten irtenbideetarako.

Hauteskundeetatik sortuko den gobernua ezberdina izango da. Hori ziurra da. Baina, politika ezberdinak egiteko aukera izan arren, ez dago ziurtatuta hori gertatuko denik, statu quo-ari eusten dioten gobernu aliantzak osa daitezkeelako. Edozein modutan, gobernu osaera alde batera utzita, hauteskundeek ekarriko duten oreka ezberdinak garai berria sendotzeko balioko du. Era batera edo bestera, zinezko aldaketaren ekarle izango dira urriaren 21eko hauteskundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.