Pello Urzelai.
Hizpideak

Zorigaiztoko eguna

2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Egun txarrean estropezu egin du Espainiako erregeak. Estropezu egin, luze erori eta, gainera, kameren aurrean. Egun txarra Espainiako estatuburuak irudi hori eskaintzeko. Merkatuei begira, estatua gutxieneko egonkortasun baten bila ari denean, estatuburua lurrean erorita ikusteak ez du laguntzen. Alderantziz, behin eta berriro oztopo egiteak erremediorik ez duen estatu baten irudia zabaltzen du.

Europako Banku Zentralaren laguntza sendoa behar zuen Espainiak. Euroa zaintzeko ahal duen guztia egingo duela esatea baino gehiago. Baina Europako Banku Zentraleko buru Mario Draghik neurtu egin ditu bere hitzak. EBZk estatuen bonuak erosteko estatuek erreskatearen funtsari laguntza eskatu beharko liokete. Draghik, azkenean, berriro itzuli die pilota arazoak dituzten estatuei. Eta hauei nabaritu zaie larri daudela egoera honetan. Mariano Raxoi eta Mario Monti Espainia eta Italiako gobernuburuek bilera zuten, eta, ondoren agerraldia. Montik eta Raxoik ez dute argitu zer egingo duten EBZk jarritako baldintzarekin. «Aztertu beharko dugu egiten dugun edo ez», esan du Montik. Raxoik erantzutea saihestu du. Baina merkatuetan ez dago barealdirik. Espainiako burtsak %5,16 egin du behera eta arrisku saria 600 puntuetara gerturatu da berriro.

Horri guztiari erantsiz gero Madrilgo Colon plazako bandera erraldoia erori zela atzo arratsaldean, atzokoa zorigaiztoko eguntzat jotzeko motiboak dituzte Espainian. Kezkatzeko ere, zantzu ekonomikoei so eginez gero, hurrengo estropezua are handiago izan daitekeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.