21:39

Udaltzainak joan dira. Polizia etxera sei pertsona eraman dituzte, han identifikatzeko. Plazan dauden beste hainbat ere identifikatu dituzte. Sare sozialetatik zabaldu dutenez, kanpaldiak jarraituko du; iragarrita zegoen bezala, bihar iluntzera arte. Gorka Urtaran alkatearen baimena izango lukete.

Berria

20:59

Hala Bedi irratiaren arabera, protestaren antolatzailetzat jotzen dituztenak ari dira atxikitzen.

Samara Velte

Samara Velte

20:53

Agur78 plataformak jakinarazi duenez, udaltzainek hainbat lagun identifikatu dituzte; Hala Bedi irratiaren arabera, haietako sei, gutxienez, polizia etxera eraman dituzte.


Samara Velte

Samara Velte

18:28

Kataluniako prozesu subiranistarekin bat egin eta hura babesteko hainbat herritarrek hartu dute parte arratsaldean Iruñean egin den manifestazioan. Hango prozesu demokratikoa, "behetik gora" egiten ari dena, eredugarritzat jo dute.

Ainhoa Oiartzabal Azketa

Ainhoa Oiartzabal Azketa

17:23

Generalitateak ez du epe zehatzik ezarri Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa posible egingo lukeen bitartekaritza bilatzeko, baina "bizpahiru astekoa" izango da. Hala adierazi du gaur Dolors Bassa Kataluniako Lan, Gizarte Gai eta Familia kontseilariak. Bassak azaldu duenez, Junts pel Sik hamabost egun edo hiru asteko tartea adostu zuen CUPekin bitartekaritzaren aukera jorratzeko. Epe horretan bitartekaritza lortzea posible ez bada idependentzia aldarrikatzea adostu zuten, Bassaren esanetan.

Horrez gain, Bassak jakinarazi du Generalitatea "datozen egunetan" bilduko dela Rajoyren errekerimenduari nola erantzun aztertzeko. Rajoyk astelehenera arteko epea eman dio Puigdemonti independentzia aldarrikatu duen ala ez argitzeko. Erantzuna baiezkoa bada edo ererkerimenduari erantzuten ez badio, Espainiako presidenteak konstituzioaren 155 artikulua ezartzeko urratsak emango dituela iragarri du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:00

Ultraeskuineko taldeek istiluak eragin dituzte Bartzelonako erdigunean. Societat Civil Catalanaren manifestazioa amaitu ostean, ultraeskuineko bi talde elkarren artean hasi da borrokan Katalunia plazan, Bartzelonako udaltzaingoak jakitera eman duenez. Udaltzaingo bat zauritua izan da.

Mossoek hartu dute gertakariak ikertzeko ardura eta oraingoz 20 pertsona inguru identifikatu dituzte.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:44

Manifestazioak egin dituzte Bilon, Donostian eta Gasteizen, hainbat herritar taldek deituta, "78ko erregimenaren aurka". Deialdiekin bat egin dute Sortuk, Ernaik, LABek, Ascatasunera elkarteak eta ANC Euskal Herriak.

Bilbon eta Gasteizen Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzaren aurrean egin dute protesta. Donostian, berriz, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera hurbildu dira, baina Ertzaintzak bidea moztu dio manifestazioari.

Gasteizko manifestazioaren ostean, Agur78 plataformak katedral berriaren pareko plaza okupatu du kanping dendekin.

Arratsalderako ere mobilizazioak daude deituta. Iruñean, manifestazioa abiatuko da 17:00etan Gaztelu plazatik, eta lapiko jotzea deitu dute 19:00etarako PPren egoitzaren parean.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:50

Manifestazio amaierako adierazpena irakurri du Teresa Freixes zuzenbide konstituzionaleko katedradunak. Freixesek Kataluniako agintariei eskatu die gizartean "haustura mingarria" eragin duen "auzi faltsua" baztertu dezatela, eta "normalizatu" dezatela demokrazia, gizarte "inklusiboagoa" sortzeko.

Societat Civil Catalanak "zuzenbide estatuaren baloreak" defendatu ditu, "lurralde nazional osoan herritarrek eskubide, betebehar eta aukera berberak izan ditzaten". Horretarako, "balore konstituzionalak" jorratuko dituen hezkuntza eredua galdegin du, eta "sezesionistek menperatuta daukaten errelatoa" eraldatzea.

Frixesek Generalitateari eskatu dio kataluniar guztientzako gobernatu dezala. "Batzen gaituena defendatzen dugu, bereizten gaituenaren gainetik", adierazi du. Hala, "egin beharreko aldaketak" herritarren "egiazko beharrei" erantzun diezaiela galdegin du, eta ez "epe motzeko helburu politikoei".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:31

Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak Eurpako Kontseiluari galdegin dio ikertu ditzala Madrilek erreferenduma eragozteko urriaren 1ean hartu zituen neurriak. Salmonden esanetan, Espainiako Gobernuak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu du; zehazki, 10. artikulua. Honakoa dio artikuluak: "Pertsona orok du adierazpenerako askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen ditu iritzi askatasuna eta informazioa eta ideiak jaso eta komunikatzeko askatasuna, autoritate publikoen esku hartzerik gabe".

12:09

"Katalunia bai, Espainia ere bai" leloa aukeratu du Societat Civil Catalanak gaurko manifestaziorako. Elkartearen deialdira hainbat eragile batu dira. Besteren artean, Espanya i Catalans, Empresaris de Catalunya, Concordia Civica, Convivencia Civica Catalana, Regeneracion Democratica, Movimiento Civico 12-O, Profesores por el Bilingüismo, España Generosa eta Españoles de a pie.

Manifestazioa bidea egiten ari da eta aurki amaituko da adierazpen batekin, Katalunia plazan. Bidean entzun diren leloetako batzuk dira "ni espainiarra naiz", "Katalunia Espainia da", "TV3 manipulatzailea" eta "Puigdemont kartzelara".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:00

Ultraeskuina ere Bartzelonan mobilizatzen ari da. Independentisten eta errefuxiatuen aurkako leloak ohiukatu dituzte. Besteak beste, "independentistak, terroristak", "Rajoy, traidore, defendatu nazioa" edo "ez dira errefuxiatuak, inbasoreak dira".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:50

Human Right Watch elkarteak txosten batean jaso du urriaren 1ean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak izan zuten jokabideari buruzko azterketa, eta ondorioztatu du poliziek "gehiegizko indarkeria" erabili zutela erreferenduma babestu zuten herritarren aurka.

Kataluniako hainbat agintarik oihartzuna eman diote giza eskubideen aldeko elkartearen salaketari. Besteren artean, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Oriol Junqueras presidenteordeak zabaldu dute elkartearen txostena sareetan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi