21:25

Europako Batasuna, blokeatuta

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak planto egin dute Europako estatuburu eta gobernuburuen bileran, koronabirusari aurre egiteko anbizio handiagoko estrategia ekonomiko bat blokeatu dutela salatuz.

Europa Press agentziari kontatu diote Espainiak eta Italiak, «beste herrialde batzuen artean», nahi dutela Europako Finantza ministroek pandemiari erantzun «solidarioago» bat ematea. Krisiak denei eragiten die, baina nork bere posizioa defendatu du; Espainiak, Frantziak eta Italiak koronabonoak eskatzen dituzte; Alemaniari, Herbehereei eta Austriari ez zaizkie «moralak» iruditzen, eta nahiago dute maileguetan eta erreskateetan pentsatu, iturri horien arabera.

Blokeoaren erdian, Madrilek eta Erromak txosten berri bat eskatu diete Europako Batasuneko bost presidenteei (Europako Batzordekoa, Europako Parlamentukoa, Europar Kontseilukoa, Europako Banku Zentralekoa eta Eurotaldekoa), ekonomiaren suspertzea gidatzeko.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

20:34

Bigarrenez bildu dira gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritza, aldundiak, sindikatuak eta patronala, bideokonferentzia bidez, koronabirusari aurre egiteko neurriek eragindako egoera aztertzeko. Aurretik bezala, bi bloke azaldu dira: Jaurlaritzak eta Confebaskek ahalik eta jarduera ekonomiko gehienari eustea defendatu zuten, eta sindikatuek, berriz, langileen osasunari lehentasuna ematea eskatu zuten.

Iker Aranburu

Iker Aranburu

19:17

Txinak herrialdean sartzea eragotziko die atzerritarrei

Txinako Atzerri ministerioak gaur esan duenez, behin behinean herrialdean sartzea eragotziko diete atzerritar guztie, nahiz eta bisa edo egoiliar baimenak izan. Txinan ia kontrolatuta dute pandemia, eta kasu berri gehienak atzerritik joandako pertsonetan aurkitzen ari dira. Horregatik, neurri hori gaur gauerdian sartuko da indarrean.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

19:05

Ondarroako Udalak maskarak egiteko beharrezko materiala emango die etxean josteko makina bat duten herritar guztiei. Hala, maskarak egin ahalko dituzte etxean. Udalak adierazi duenez, «oso zaila da maskarak lortzea», eta beharrezkoak dituzte herrian adinekoei laguntzen ari diren pertsonentzat.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:55

Italian, 8.000 hildakotik gora

Italian 8.000 pertsona baino gehiago hil dira koronabirusaren eraginez, eta denera 80.000 baino gehiago kutsatu ditu COVID-19 gaitzak. Azken egunetako beheranzko joera hautsi da, eta 4.492 positibo gehiago atzeman dituzte. Dena dela, 662 lagun hil dira azken 24 orduetan, asteartetik asteazkenera baino 21 gutxiago. Gaitza izandako beste mila lagun osatu egin dira, gainera; 10.361 sendatu dira denera.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

18:43

Babes neurriak eskatu dituzte Frantziako Poliziek

Frantziako Polizien sindikatu guztiek abisu bat eman diote gaur gobernuari: babes neurririk ez badute, ez dute konfinamendua betetzen dela ziurtatzeko kontrolik egingo. Zituzten maskarak kendu dizkietela salatu dute, osasun sistemako langileei emateko.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:27

Lehen hildakoa Gipuzkoako zahar etxeetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, 91 urteko emakume bat hil da Zarauzko Santa Ana egoitzan, Gipuzkoako zahar etxe batean hildako lehenengoa. Astelehenean eman zuen positibo koronabirusaren proban.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

18:14

Bizkaiko zahar etxe pribatuak kudeatzen dituen Gesca enpresak ohar bat argitaratu du, «ezarritako neurri eta protokolo guztiaz zehatz mehatz» betetzen ari direla esateko. Erabiltzaileak eta haien familiak lasaitzea da enpresaren asmoa. «Baliabide falta dugun arren, modu eraginkorrean kontrolatzen ari gara gaixotasuna».

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:57

Hego Euskal Herrian 17.200 lan erregulazio espediente aurkeztu dira

Geroz eta gehiago dira koronabirusaren krisiari aurre egiteko lan erregulazio espedienteak aurkezten ari diren enpresak, eta 109.577 behargini eragin diete jada Hego Euskal Herrian. 17.200 espediente aurkeztu dira: Bizkaian 7.108, Gipuzkoan 4.471, Nafarroan 3.624 eta Araban 1.997.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:35

Pandemia hasi zenetik 23 hildako Arabako zahar etxeetan

Arabako Foru Aldundiak emandako azken datuen arabera, 23 lagun hil dira koronabirusaren ondorioz herrialdeko zahar etxeetan. Araban dauden 94 zahar etxeetatik 18tan baieztatu dute kasuren bat.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:13

Perun harrapatuta zegoen euskaldun talde bat gaur goizean iritsi da Loiuko aireportura. Nazioarteko joan etorriei buruz idatzi du gaur, BERRIAn, Gotzon Hermosilla kazetariak.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

17:06

TAO sistema bertan behera utzi dute Donostian eta Bilbon

Hainbat hirik indargabe utzi dute aparkatzeagatik kobratzeko TAO sistema konfinamendua hasi zenetik; tartean dira Gasteiz, Iruña, Irun eta Eibar, besteak beste. Donostian eta Bilbon, berriz, bihartik aurrera indargabetuko dute sistema udalek. Azken egunetan asko izan dira bi udalek sistema horrekiko izan duten jarrera kritikatuko duten alderdi eta eragileak.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:23

Munduan, ia 500.000 kutsatu

Munduko zifren azken eguneraketa 15:30tan argitaratu du Johns Hopkins Unibertsitateak. Pandemiak 175 herrialderi eragin die jada, eta 491.623 kasu daude baieztatu. Hildakoak, berriz, 22.169 dira. Sendatutako pertsonak 118.245 dira, gehienak, Txinan (74.181).

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:19

AEBetan, 12.000 kasu azken 24 orduetan

Koronabirusa indartsu heldu da Ameriketako Estatu Batuetara, eta 12.000 kasu erregistratu dituzte azken 24 orduetan. Astebete daramate jada egunean 5.000 kasu baino gehiago atzematen. Guztira, 69.000 kasu baieztatu eta 1.000 hildako baino gehiago eragin ditu pandemiak han.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

16:11

15 pertsona ospitaleraturik Ipar Euskal Herrian

Pirinio Atlantikoetako Eric Spitz prefetak eta Eskualdeko Osasun Agentziako Maritxu Blanzacok Francebleu irratian jakitera eman dute Ipar Euskal Herrian 15 pertsona daudela ospitaleratuak koronabirusarekin. Horietarik lau arta intentsiboko zerbitzuan daude, egoera larriagoan.

Oihana Teyseyre Koskarat

Oihana Teyseyre Koskarat

14:51

Idoia Mendia, ospitaleratuta

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaia Basurtoko ospitalean sartu dute gaur, koronabirusaren proban baiezkoa eman duela eta. Egun batzuk zeramatzan sintomekin. Bilboko Udalean zinegotzi den Alfonso Gilek ere, Mendiaren senarrak, egun batzuk daramatza bakartuta birusaren ondorioz. Twitterren eman du albistea.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza