19:45

Irabazlearen agurra

Hona hemen Nerea Ibarzabal Salegiren agurra:

"Tira, Baiona, lehen agurretan
gerlari diruditenak,
izaten dira ahuleziak
nun gorde ez dakitenak.
Loa, gosea ta umorea
dauzkat lekutik irtenak,
beste pixkaten luzatzen zaizkit
itolarri sentipenak.
Ze ondo, justu, hau behar zuen
nire nerbio sistemak"

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:35

Haren atzetik, honela geratu da sailkapena:

- Sustrai Colina Acordarrementeria (668 puntu).
- Beñat Gaztelumendi Arandia (656,5 puntu).
- Julio Soto Ezkurdia (643,5 puntu).
- Unai Agirre Goia (639,5 puntu).
- Eñaut Martikorena Lizaso (584 puntu).

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:33

Nerea Ibarzabal irabazle

671,5 puntu eskuratu ditu.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:30

Eta horrekin bukatu dira gaurko ariketak. Epaileek aurki jakinaraziko dituzte emaitzak.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:30

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala heltzeko egun bakarra falta denean, ez joateko erabakia hartu du Julio Sotok: "Barkatuko didazue,/ hezur haragizkoa naiz". Baionako saioan irabazle atera ez zela kantatu du bigarren bertsoaldian, baina poza hartu du gainerako bertsolariengandik: "Enoa finalera ze/ min bat badaukat gordea;/ nere bertsokideengatik/ poza hartzen dut, ordea". Hala borobildu du ariketa: "Nork daki agian egun/ handiak izanen ditut;/ ordea, horren aurretik,/ galtzen ikasi behar dut".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:19

Lan ederra egin du Sustrai Colinak ere. Hil berri den gizabanakoaren larruan jarri da. Hala abiatu du bertsoaldia: "Agian ni entzutea/ egingo zaizu arraro,/ bizkarrean daramaten/ hilkutxa baten bainago". Biharko bazkarira joan ezingo dela kontatu du jarraian, eta hala amaitu du bertsoaldia: "Mundu hontatik joan naiz/ neure sen ta neure garbo./ Min hau jasatea baino/ libre izatea nahiago:/ bizitza antzerkia da/ ta heriotza gehiago". Elizako lehen lerroetan biharko bazkarian egongo diren senideak identifikatu ditu, eta umoretik jo du azken bertsoaldian: "Ikusten ditut Otegi,/ Txibite ta Etxegarai;/ bertsoa Egañak bota du,/ bai, oraindik bizi da bai:/ nahiz eta izarren hautsa/ bilakatzen den bizigai,/ bihar ez naiz joango eta/ eginzazue lo lasai". Txalo zaparrada itzela jaso du ariketaren amaieran.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:05

Gabon eguneko afarira ez joateko erabakia hartu du Unai Agirrek. Berez, pozik eta alai egoteko eguna bada ere, krisiaren ondorioz, bestelako itxura bat hartu du egun "berezi" horrek: "Baina krisian murgildurikan/ dago hemengo ta hango,/ bizilaguna degu bat eta/ beste mordo bat badago:/ etxe guztitan eztute aurten/ festa handirik izango".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:54

Lan ederra egin du Nerea Ibarzabalek. Hamar urte igaro dira familiako kideekin azken besarkada eman zuenetik, eta, ordutik, dezente urrundu direla kontatu du: "Baina bizitza izan daiteke/ telefono dei bat, hara./ Izeba hila omen dago ta/ bihar doa lurpetara,/ baina nik eztut itzuli gura/ familia horretara". Herritarren aurrean itxurakerietan ibiltzeko gogorik ez duela kontatu du bigarren bertsoaldian: "Irri txikiak, keinu lasaiak,/ hoztasuna beharrean./ Beilatokiko gezur artean/ ahopeko marmarrean./ Horrek guztiak ipiniko nau/ oso umore txarrean:/ familia on bat bagina legez,/ herri osoaren aurrean". Hirugarrenarekin borobildu du ariketa: "Barkatu izeba, sentitzen dut zu/ joatea apartean,/ baina pertsonak maite behar dira/ bizirik dauden artean".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:44

Denbora asko ezkontza eguna prestatzen egon ondoren, dena pikutara bidaltzeko erabakia hartu du Beñat Gaztelumendik. Hala abiatu du bertsoaldia: "Bazkalekua prest dago,/ gonbidatuen bilduma,/ prest daude gurasoak ta/ berdin prest da eraztuna./ Dihoala pikutara/ nire ezkontza eguna". Koadrilakoak izan ditu gogoan bigarren bertsoaldian: "Ziur ni ez joanda igual/ pena hartuko dutela,/ nere partez banketeaz/ disfrutatu dezatela". Biziketa hartu eta bidaia bat egingo duela kontatu du hirugarren bertsoaldian, eta hala borobildu du ariketa: "Nahiz guraso ta lagunek/ hartu behar duten pena,/ nahi duguna izango gara/ ez besteek nahi dutena".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:31

Bizitza osoa bertso eskolan eman duen ikaslearen rolean jarri da Eñaut Martikorena. Zalantzan egon ondoren, Bertsolari Txapelketa Nagusian izena emateko erabakia hartu zuela kantatu du. Baionako finalaurrekora sailkatu bada ere, azkenean, ezin izan da bertara gerturatu: "Nere nahi eta ezinez,/ urtetako ahaleginez,/ baina ezin da bertsorik bota/ tripetako minez".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:24

Ganbarako ariketa

"Bihar da egun handia. Ez joatea erabaki duzu". Horixe izango da sei bertsolariek nahi duten doinu eta neurrian hiruna bertso kantatzeko gaia. Horrez gainera, puntua emanda, bi bertso osatu beharko dituzte zortziko txikian. Eñaut Martikorena izango da lehenengoa ariketa osatzen.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:10

Aurki hasiko da ganbarako ariketa

Amaitu dute lehen tartea Baionako Lauga aretoan. Emozioa nabaria da, eta publikoa gogoz erantzuten ari da. Bertsolariak ganbarara doazen bitartean, publikoak haize pixka bat hartzeko aprobetxatu du.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:08

Lagunak dira Unai Agirre eta Julio Soto. Psikologia ikasten hasi da Soto, eta azkenaldian, uneoro, bere jarrera guztiak aztertzen dabilela aurpegiratu dio Agirrek: "Ni ederki bizi naiz,/ ta zuk desiratu./ Arren, Julio, holan/ neri ez begiratu". Negarretik barrera azkar igarotzen dela esan dio Sotok, eta honako diagnostikoa egin dio azkenean: "Nik uste dut zarela/ pixkat bipolarra". Orain arte halakoa ez zela erantzun dio Agirrek, eta jarraian bota dio bigarren diagnostikoa: "Gaur duzu zeru beltza/ ta gero azula,/ nik uste haurtzaroko/ trauma bat duzula".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:03

Tatuatzailea da Beñat Gaztelumendi, eta bezeroa, berriz, Sustrai Colina. Azalean tatuatutako izena ezkutatzeko asmoz joan da estudiora Colina; hirugarren aldia da gauza bera egiten duena. Umoretik heldu dio Gaztelumendik: "Eguraldia bezain aldakor/ zera zu./ Hurrena pegatinak/ ipini itzazu". Maitale asko dituela esan dio Colinak Gaztelumendiri, eta honako proposamena egin dio: "Behintzat beherapen bat/ egingo didazu". Hurrengo aldian kopeta tatuatuko dioela esan dio Gaztelumendik, eta bizi erantzun dio Colinak: "Maitasunean azal/ gogorra behar da". Fin aritu dira bi bertsolariak, eta sekulako txalo zaparrada jaso dute ariketaren amaieran.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:57

Zortziko txikiko ariketarekin hasi dira bertsolariak. Umoregileak dira Nerea Ibarzabal eta Eñaut Martikorena. Emanaldi bat sortu dute elkarlanean, eta gaur dute lehen lan saioa. Hasi orduko, Ibarzabalek trabak baino ez dizkiola jarri esan du Martikorenak. Ibarzabalek baina, dena azkarregi egiten duela aurpegiratu dio: "Eñaut oholtza gainera/ erdi zara ataka/ argia piztu aurretik/ igotzen zara ta". Barre algara ugari eragin dituzte publikoaren artean.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:52

Kazetariak dira Unai Agirre eta Sustrai Colina. Bederatzi hilabete igaro dira kazetari euskaldun bat Polonian preso daukatela, eta haren egoera salatzeko asmoz, prentsaurreko bat antolatu dute. Haren egoera okerra ekarri du mahai gainera Agirrek: "Denak dakite nola dagon ta/ inork eztu deus esaten". Gaia albo batera utzi dutela nabaritu du Sotok: "Ingurukoak ezin ikusi,/ gertukoek ezin zaindu,/ eta gasaren garestitzea/ bakarrik inporta zaigu". Fin aritu dira bi bertsolariak.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona