Gailetak egiteko
Kazokada bat esne gain natural.
2 arrautza oso.
4 koilarakada azukre.
4 koilarakada handi irin.
Pastel krema egiteko
Litro erdi esne.
5 arrautza.
50 gramo irin.
125 gramo azukre.
• Esne gain naturala lortzeko arazorik baldin badugu, dendetan saltzen dutena ere erabil daiteke.
• Gailetak egiteko, ontzi batean arrautzak eta azukrea ipini. Ongi nahastu. Pare bat minuturen ondoren, esne gaina nahastu, eta, ondoren, irina. Nahasten segi, osagai guztiak masa batean ongi bildu arte. Labea berotzen jarri, 180 gradutan, eta, beroa dagoenean, labeko erretilu bat hartu eta, koilara baten laguntzaz, masa koilarakada borobil batzuk jarri erretiluan bertan, bata bestearen ondoan. Ez jarri oso gertu; bestela, gero elkarri itsatsiko zaizkie.
• Labean sartu zortzi bat minutuz; atera, eta berdina egin masa guztia bukatu arte. Gorde.
• Pastel krema egiteko, ontzi batean arrautzak eta azukrea ipini, eta hiru bat minutuz ongi irabiatu. Gero, irina gehitu, eta kontu handiz nahastu. Bitartean, lapiko batean, esnea irakiten jarri, eta, irakiten duenean, esnearen erdia arrautzei gehitu. Nahastu, eta guztia gainontzeko esnea dugun lapikora gehitu berriro. Irakiten eduki etengabe mugituz, itsats ez dadin, lau edo bost minutuz. Ondoren, gorde hoztu arte.
• Azkenik, bi gailetatxoen erdian pastel krema pixka bat jarri, eta gozo-gozoak egongo dira!