Garbantzuak tripakiekin

GARI GARAIALDE  / ARGAZKI PRESS.
Iker Markinez.
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Kilo erdi garbantzu

Kilo bat tripaki garbiak

3 tipula

3 azenario

Porru bat

3 piper txorizero

Etxeko tomate saltsa

Urdaiazpiko xerra (100 g ingurukoa)

Txorizo pusketa bat

Oliba olio birjina

Gatza

Kaiena piperra

Garbantzuak bezperan beratzen jarriko ditugu, baita piper txorizeroak ere. Prestatzeko, lapiko bat ur garbiaz bete, eta sutan berotzen jarri. Garbantzuak gehitu, tipula eta azenario xehatuarekin. Gatz pittin bat bota eta oliba olio txorrotada bat. Bi ordu eta erdiz irakiten mantendu, estali gabe.

Bitartean, lapiko lasterra erdiraino urez bete, eta bertan bi azenario, tipula bat eta porrua (denak osorik )jarri. Irakiten hastean, pusketatan moztutako tripakiak gehitu, eta ordu erdi batez irakin.

Bezperan beratzen jarritako txorizeroei labana baten laguntzaz mamia kenduko diegu. Gorde.

Osagai guztiak ondo sartuko diren lapiko handi bat hartu, eta olio txorrotada bat bota. Berotzen jarri, eta bertara txorizoa, kaiena piperra eta urdaiazpikoa pusketa txikietan moztuta gehitu. Frijitzen direnean, 3 kazokada tomate saltsa gehitu, baita piper txorizeroen mamia ere. Su bizian irakiten jarri, eta tripakiak egositako saldatik ere beste 3 kazokada gehitu. 10 bat minutuz hori guztia ongi irakin, zapore guztiak ondo nahas daitezen.

Garbantzuak egosita dauzkagunean, lapiko horretara gehitu, duten salda eta guzti. Tripakiei egoste salda kendu, eta lapikora gehitu. Guztia beste 10 minutuz egosi, eta jateko prest izango dugu. Prestatu eta berehala jatea baino gozoago egoten da hurrengo egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.