Ikasle batek jarri du mahai gainean Al Kaedakoak omen ziren bi estatubatuarren hilketaren gaia. Renoko Unibertsitatean gaude, Euskal Ikasketen Zentroan, Gerra, Okupazioa eta Memoria ikastaroan. Bigarren Mundu Gerrako Ipar Euskal Herriaren okupazioaz ari dira eskolak hartzen berrogei ikasle iparramerikar, astean bi egunez, egunean ordu eta laurdenez. Txandaka, aurkezpen bana egin beharra dauka ikasle bakoitzak. Hitlerren alde borrokatu ziren frantsesei buruz aritzea egokitu zaio Travis ikasleari. Christian de la Maziere-ren bideo bat jarri du bukaeran, YouTubetik hartuta: nazien alde zergatik egin zuen azaldu du, zigarroa erretzen ari den bitartean. Aurkezpenaren bukaeran, ustekabean, Anuar al Aulaki eta Samir Khan-en hilketa ekarri du gogora Travisek. De la Mazierek bezala, etsaiarekin bat egin zuten Al Aulaki eta Khan estatubatuarrek. De la Maziere epaitu egin zuten; Al Aulaki eta Khan, ordea, zuzenean hil. Hortik, konparazioa.
Piloturik gabeko hegazkinetatik misilak jaurtiz hil zituzten joan den astearen bukaeran Estatu Batuetako pasaportedun bi islamistak, Yemenen. Estatu Batuen zerrenda beltzean zegoen Al Aulaki, gerrako etsaia zen eta, beraz, epaitu beharrik gabe zuzenean hiltzeko baimena, edo agindua, zuen CIAk. 150 inguruko taldea behar du hegazkin hauetako bakoitzak lanean, Estatu Batuetatik bertatik urrutiko kontrolaren bidez behar den lekuraino gidatu eta behar den zokora misilak jaurtitzeko. Arriskurik ez soldadu amerikarrentzat, eta diru gastua ere, txikiagoa. Gerra egiteko modua aldatzen ari da Barack Obamaren administrazioa: Bushek Iraken eta Afganistanen hasitako gerra garestien aldean, Bin Laden edo Al Aulaki hiltzeko operazioen tankerakoak nahiago bide ditu, gerra eredu hori «merkea, ziurra eta zorrotza» delako, The New York Times-ek aipatutako iturri ofizialen arabera. Hauteskunde kanpaina Yemenen ere egin daiteke. Piloturik gabeko hegazkin bat horietako bat urrutiko kontrolaren bidez gidatzeko, 150 laguneko lantaldea behar da. Hegazkin horien guztien urteko osoko aurrekontua, bost bilioi dolar omen. Huskeria, Irakeko eta Afganistango gerren prezioaren aldean. Soldadu bakoitzeko, milioi bat dolar urtean. Bi gerrak bukatzen direnerako, Estatu Batuek 3,7 trilioi dolar xahutuak izango dituzte (hau da, 3,7 mila bilioi dolar, 3.700.000.000.000 alegia), Brown unibertsitateak egin duen kalkuluaren arabera.
Renoko Unibertsitateko ikasgelan, ordea, eztabaida ez da diruaz. Al Aulakik eta Khanek pasaporte estatubatuarra zuten, eta horrek zalantzak sortu ditu operazioaren legezkotasunari buruz. Epaiketarik gabe zuzenean hiltzea zilegi da, edo ez. Eta zalantzak daude ikasleen artean. Epaiketa merezi zutela argudiatu duenik bada, baina indar handiagoz entzun dira beste ahots batzuk, Euskal Ikasketen Zentroko ikaslea ez ezik, Guardia Nazionaleko soldadua ere baden neskarena, adibidez. Iraken gerra egindakoa da, eta han zen bitartean etsai bat hiltzeak etxera itzultzeko eguna hurbiltzea esan nahi zuela azaldu du. Armadan bost urte aritutako beste ikasle batek traizioa aipatu du: gerran etsaiarekin bat egiten duenak, traizioa egiten diola bere herriari, eta gerra guztietan traizioa heriotzarekin ordaintzen dela; ez dagoela ez ados ez desados, baina horrela izan dela beti.
Ikasgelatik ateratzea beti da ona, arnasa pixka bat hartzeko. New Yorketik 4.300 kilometrora dago Reno, baina Occupy Wall Street mugimenduaren oihartzuna iritsi da Nevadako bazter honetaraino ere, apal bada ere. Megafonoa eskuz esku dabil. Multinazionalen eta banketxeen diktadura salatzen ari dira Occupy Reno ekimenaren deialdiari erantzunez campusean bildu direnak. «%99 gara» diote afixetan, ehun inguru baino ez diren arren; edo ehun, behintzat.
Handik eta hemendik
%99
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu