Donostiako Udaleko Sozialisten taldeak Udalbatzarrera eskaera bat eramateko asmoa duela argitaratu zuten atzo egunkariek. Hondarribiko aireportuaren aldeko apustua egiteko eskatuko diete agintean dauden Bildukoei. Ernesto Gasco bozemailearen ustez, Gipuzkoako gizarte eta enpresei zerbitzu estrategikoa eskaintzen die aireportu honek, Barne Produktu Gordinarengan eragina du eta hirirako sarrera-ate da profesional bileretara edo Jazzaldia, Musika Hamabostaldia edo Zinemaldiaren taxuko kultur ekitaldietara datozen kanpotarrentzat. Aireportua hobetzean omen datza gakoa, besteak beste, egungolur-hartze pista 200 metro luzatuz.
Ez dakit nik zuzen edo oker ari diren. Barne Produktuaren gisako kontzeptuak gordinegiak dira nire ulermenerako. Kalkulatzen ez naiz txarra, ordea. Eta bistakoa da zarauztar batek, esaterako, bost aireportu dituela laurogeita hamar kilometroren barruan, hots, autoz joanda 50 minutuan iristeko moduan. Hondarribia, Miarritze, Noain, Loiu eta Foronda. Gehitxo. Ez da Madrilen, Londresen edo New Yorken hainbesteko aukerarik duen hiritarrik. Eta zarauztarrok, zarauztar arruntokesan nahi dut, urtean behin edo zero aldiz hartzen dugu hegazkina. Zertarako orduan hainbeste aireportu eta hainbeste pista, ekonomiak lur jotzeko eta gu despistatzeko ez bada?
Gainera, hegazkinak ez du hainbesteko sustrairik gure iruditerian. Txirri, Mirri eta Txiribitonen Tortolika eta Kirmen Uriberen Bilbao-New York- Bilbao baino ez datozkit gogora hegazkinek gure kulturan izan duten garrantzia neurtzerakoan. Oso bestelako kasua da trenarena. Martuteneko trena abestia edo Lizardiren Bultzi-leiotikgutxi iruditzen bazaizkizue, Gipuzkoa ipar-hego eta ekialde-mendebalde gurutzatzen duten bi trenak bi pertsonaia handiren aipagai izan baitira: Joxe Manuel Lujanbio Txirrita eta Sigmund Freud.
Norteko ferrokarrilari Txirritak jarritako bertsoak aski ezagunak dira. Berrikuntzak sorturiko lilura ezin hobeto azaltzen du. Buruz ikasi nituen garai batean eta oraindik esaldiren batzuk parrastadan datozkit. Bertso bat honela hasten da: «Linea orrek badauka zenbait / tunel, zubi ta erriyo / bi biderekin ipiñi dute / sekula baño berriyo».
Ez da hain ezaguna Freudena. Literatura unibertsalean Bibliaren ondotik irakurriena omen den Traumdeutung liburuan, gaztelerara La interpretación de los sueños itzuli zuten hartan, Freudek kostaldeko trena aipatzen du. Ametsetan gogora ekarriaren oinarria zenbat denbora atzera datzan ari da azaltzen. Eta kontatzen du, Ellis izeneko lankide batek amets bat izan zuela. Espainian zegoela Daraus, Varaus edo Zarautz izeneko herri batera abiatu omen zen. Esnaeran ez omen zuen gogoan tankera horretako leku izenik eta ametsa ulertu nahiari utzi omen zion. Baina handik hilabetetara gogoratu omen zen Donostiatik Bilbora trenez egin zuen bidaia batean, Zarautz izeneko geltoki bat ikusi zuela. Hori zen, beraz, ametsaren oinarri, nahiz eta berrehun eta berrogeita hamar egun paseak ziren ordutik.
Norbaitek pentsa dezake Ellis gizarajoak amesgaiztoa edo trauma ere izango zuela garai hartako kostaldeko trenean hainbesteko bidaia egin bazuen. Amesgaiztoa, ordea, egiazkoa, oraingo Abiadura Handiko Trenarena da. Norbaiti bururatu zitzaion Txirrita eta Freuden gainetik pasata ere, behar zela hemen beste tren bat, azkarragoa, txistu bizian batetik bestera eramango gintuena eta geltokietako leku-izenik irakurtzen ere utziko ez ziguna. Lurra zulatu eta zulatu egin dute. Ekonomia ez dute behar bezala zolutu, ordea. Egitasmoaren handikeria eta premiarik eza askok salatu du, baina agintariak ez dirudi zalutu direnik. Kosta ahala kosta nortea argi daukatela eta tren bizkor hori egin egingo dutela eta abian jarri esan berri dute.
Niri aireportuekin gertatzen zaidanaren antzekoa gertatzen zait AHTarekin. Hainbestekoa eta hain bizkorra behar al zen? Bitartean, guk joan-etorrian ezagutu izan ditugun trenak, Urolakoa esaterako, museo bihurturik. Edo Arratiako tranbia Arestiren eskutik poema eta Oskorriren ahotan kantu.
Ez dakit Txirritak nola bukatuko lukeen arestian aipaturiko bertsoa gaur egun, Freuden lankidearena jakin ondoren. Akaso honelatsu:« … estaziyo bat bakarra dauka / letuko dezu Ezkio / Ama Birjiña azaltzen bada / geiegirikan ez pio».
Plazatik
Airez eta lurpian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu