Plazatik

Amadeo eta gu

andoni egana
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Amadeo du grazia eta ez nuen bere berririk aste honetan adiskide gasteiztar batek Kanaria irletako argitalpen batean jarri dituenak posta elektronikoz bidali dizkidan arte.

Amadeok sekulakoak eta bi esan ditu Juan Carlos erregearengatik ¿Ahora por qué te callas? izenburupeko artikulu batean. Moxkorra deitu dio, puteroa, eta Karlomagnoren eskuineko barrabiletik zuzenean datorrela sinestuta egon arren Franco hiltzailearen maukapetik heldutakoa dela argi utzi dio, besteak beste. Erregeari buruzko egiak hain gordin esan izanak tentaturik, horiek irakurri ondoren hasi naiz pertsonaiaren nondik norakoen bila. Amadeo Martínez Inglés espainiar Armadako koronel izatera iritsi zen. 1990ean egotzi zuten Armadatik. «Koronela» maila altu samarreko norbait dela sumatuta gizon honen biografiara jo dut eta bazela norbait atera dut ondorio. Gerra urtean jaioa, Ifnikoan parte hartu zuen. Goi mailako karguak izatera heldu zen trantsizio urteetan, baina erregeari, gobernuei eta armadari egindako kritikek kartzelara eraman zuten bost hilabetez, eta armadatik kanpora segidan. Politikan sartzen ahalegindu zen orduan, baina zenbait alderditatik ere bota egin zuten.

Bere iritzi artikulu eta elkarrizketa zenbait ere irakurri ditut. Eta harrituta geratu naiz.Herra berezia die Juan Carlosi eta borboien familia luzeari. Ez du txotxongilo soiltzat hartzen egungo erregea. Joan deneko hogeita hamar urteetan Espainian hartutako erabakirik sendoenen erantzule nagusi egiten du, erregetzatik gobernatu egin duela baieztatuz. Espainiako gazte-belaunaldientzat otsailaren 23ko golpe hark xinpatiko bihurtu zuela esaten bada, Amadeok kolperik jotzen ez duen erregea golpistatzat jotzen du. GALen sorreraz eta bilakabideaz asko zekiela esaten du eta ETArekiko negoziazio prozesurik izan denetan han zegoela bera, itzalean.

Amadeok erregeari dion ezinikusiaz haratagoko kontuak esan eta idatzi izan ditu ordea. Deigarri gertatu zait Estatuaren antolaketari buruz daukan iritzia. Trantsizio garaian gauzak oker egin zirela dio. Guztientzako kafea-ren hura ez zela egokia izan. Euskaldun, kataluniar eta galiziarrentzat motz geratu zela, eta aldiz, gainerako autonomiek ez dutela deus egin, ez irrikarik azaldu, onurak jaso eta oso nolabait kudeatzeaz gain. Amadeoren ustez, ezinbestekoa izango da epe laburrera penintsularen izaera geografikoak baino ulertarazten ez duen Espainia gezurrezkoa apurtzea. Euskaldunoi burujabetasun eskubidea onartzen digu, eta handik abiatuta nahi badugu federazio edo konfederazio bideak irekitzen ikusten gaitu, betiere Europabatuaren barruan. Ibarretxek ez zuen nonbait, mundua deskubritu.

Burujabetasun ideiak eraman du Amaiur ere Madrileraino. Xabier Mikel Errekondok ez zuen duela urtebete asko usteko atez ateko zabor-bilketarenak Zarzuelako atariraino eramango zuenik. Baina han azaldu da. Eta fokuak eta mikrofonoak sartu dizkiote ia eztarriko zuloraino. Horregatik ikusi ahal izan ditugu biak, Xabier Mikel eta Juan Carlos, elkarri bostekoa ematen, esertzen, berriketan… Batak adeitsu azaltzeko ahalegina egin du; besteak hori ere ez. Batak berdinetik berdinera ekin dio; bestea sarri ibiltzen omen da berdinduta.

«Jauna, buenos días» izan zen Xabier Mikelen diosala modura. Ez dakit zenbateraino zeukan formula neurtua. Horrelako protokolo une zailetan Aita Lasarena oso gogoan eduki behar genukeela iruditzen zait. Ministro zela egin zuen Fraga Iribarnek bisita Urbiara. Francoren ministro, alegia. Mezetara joan zen bertako baselizara. Lehen aulkian eseri zela pentsatzekoa da. Aita Lasa frantziskotarrak, urteetan Urbian meza ematearen lana zuenak, zerbait esan behar eta honela ekin zion iganderoko eliztar eta igande hartako bisitari zen ministroaren aurrean: «Excelentísimos señores pastores… Excelentísimo señor ministro…». Artzain eta ministro parean jartzearekin jarri zuen bere lekuan Fraga. Xabier Mikelek lan zailagoa zeukan herenegun Zarzuelan. Erregeari «jauna» deitu zion bezalaxe dei ziezaiekeen kazetariei «jaun-andere». Tamalez, kazetari askok ez du ematen, hurrik ere, Urbiako artzainen mailarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.