Haurren garrasiak aditzeaz kokoteraino eginda dagoen amak, bere bi basapiztiak lotu eta plazako jolas-parkeraino eraman ditu tiraka. Hantxe utzi ditu solte, etxetik ekarritako baloia eta pare bat traste erdi hondaturekin batera, ondo baino hobeto apaltzen diren arte. Aluak. Arte onik ez dute-eta.
Berak aldameneko kafetegian baretuko ditu nerbioak, atariko mahai-aulkietan eguteran jarrita, oraino ez baitu beltzarantzeko aukerarik izan. Bidenabar, eguartea bertan pasatzeko aitzakia emanen dion freskagarria eskatuko dio zerbitzariari, lighta, harantz edo honantz pasatzen ikusten duenean. Beste bi tentamakilak zipoka hasiak dira dagoeneko, lehenagotik bazebilen neskato batek eta haren panpinak txirrista buxatzen dutelako. Zaflaka hasteko asmoak igarri dizkio bere zaharrenari. Ezikusiarena egin du. Hor konpon.
Estresak jota dago. Bere onetik aterata, eguneko 24 orduak deuseztatzen dizkion ofizio honek bake santurik ematen ez diolako, bereziki udan, eta amonak, horrena bai gibela, bere herrira ospa egin diolako pastel osoa bere esku utzita. Bejondeiola.
Gaur aurkitu du, hala ere, norekin kontsola. Gainez eginda dagoen beste ama bat arrimatu zaio, honek ere bere metro erdiko zalapartariak jolastokiko hesien artean utzi berri dituela. Ezkerreko mahaian eseri zaio, ufaka eta espantuka, eta egoerak solidarizatu egiten dituela ikusita, berriketari ekin diote, hasieran herabe, kalaka alai eta lotsagabean gero, umeen eskolan sarritan topo egiten dutela jabetu direnean.
Halaxe deskubritu dute, arian-arian, beren senarrak, etxean alferrak eta haurrekiko arduragabeak ez ezik, lehengusu txikiak ere badirela —edo hala moduko zerbait—, eta horrek, familia loturaz gainera, konfiantzan jarduteko parada ematen diela. Garagardo bana eta olibak eskatu dituzte. Baita patata frijituak ere, zer arraio. Haien lepo zurrunak eta gihar tenkatuak laxatzen joan diren bezala hasi dira, ordea, mukizuen liskarrak nabarmentzen.
Kankailuenak baloiari ostikoa eman eta sudurra zimurtu dio oiloa bezala kotan igota zegoenari. Honek, erremediorik gabe oreka galdu, atzerantz erori eta azpian harrapatu du anaia gaztea, zeina bere plastikozko animaliatxoekin iturri bazterrean zerri egiten ari zen. Amorruz, hozkaka hasi zaio ipurdiz zanpatu duenari, eta honek ukabilkadaka erantzun dio, nahaspila sortu duenaren laguntzaz. Laugarrenak jaso ditu, hala ere, gerra zibil honetan banatu diren epelenak, zaflakoa hartu duen txirristako neskatoak, mendeku gosez, begi aldea harramazkatu eta negar-zotinka utzi duenean. Amak, relax tarte bakarra izorratu diolako sutan, intxaurrak astindu nahiko balizkio bezala heldu eta etsenpluzko orroa egin dio bigarren garagardoa ezin askatu duela:
—Ixo! Mutilek ez dute negarrik egiten!
Uda beteko (p)lana
Amaren terapia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu