Saltsa handi samarra piztu du Turkian filtrazioak: Gobernuaren ordezkariek eta PKK talde armatuak bilerak egin zituzten 2009. eta 2010. urteetan, bost gutxienez, non eta Oslon. Ez dute gezurtatu. Areago, ari direla ulertu zaie. Beßir Atalay, lehen ministro ordea: «Arazoak ezin dira konpondu arriskurik hartu gabe». Cemil Çiçek, Parlamentuko burua: «Erresuma Batuak, Espainiak eta iraganean terrorea jasan duten beste hainbat herrik egin duten berbera egiten ari da Turkiako Errepublika». Espainia eredu alegia, konponbidea negoziazioaren bidez bilatu nahi duenarentzat.
Gaur egungo Espainiari begiratuta, baina, gutxi du ikasteko elkarrizketaren bidea baliatu nahi duenak. Agerikoa denari erreparatuta, bederen. Ez dakigu zein den Otegiren, Diezen, Rodriguezen, Zabaletaren eta Jacintoren espetxe zigor bidegabeen benetako kontestua. Ezin jakin ETAk su-etena eman zuenetik Espainiako Gobernuarekin batere harremanik izan ote duen, edo PSOEren eta ezker abertzalearen artean nolako komunikazioa dagoen, edo nazioarteko laguntzaileek zer aurreratu duten, edo Auzitegi Konstituzionalean zer aurreikuspen dituzten Sorturen helegitearen gainean. Eta betiko zalantza: Gobernuaren interesen araberako epaia izan ote da, edo epaile jakin horiek beren kasa, edo beste eragin batzuen menpe, hartutako erabakia.
Loteria bezala da, batzuetan, Auzitegi Nazionala. Epaileak nolakoak, epaia halakoa. Defentsa abokatuek jakin zutenean Bateraguneko epaia zeinek emango zuten, aurreratu zieten ezker abertzaleko kideei: epaile hauekin, jai dago. Ahozko epaiketan, ordea, sekula baino argiago mintzatu ziren epaituak ezker abertzalearen barruko borrokei buruz, eta akusazioa goitik behera oinarririk gabe gelditu zen, nabarmen. Hala eta guztiz ere, egia zen: jai zegoen Angela Murillo eta bere bi adiskideekin. Ea Auzitegi Goreneko loterian zer egokitzen den.
Atlantikoaren alde honetara ere iritsi da notizia. Ostiral arratsean, Washington Post, San Francisco Chronicle eta Chicago Tribune-ko guneetan bazegoen berria. Irakurle estatubatuarraren betaurrekoekin irakurtzen saiatuta, hara ondorioa: indarkeriaren erabilera publikoki arbuiatu duen lider politikoari, «ETAren aldeko komunitate separatista» bide politiko hutsen aldeko apustua egitera eraman duen politikariari, hamar urteko zigorra ezarri diote, «ETAren adar politiko berria» sortzen saiatzeagatik. Ondo idatzita daude albisteak, baina ez dira ulertzen. Atzodanik errazagoa da euskal herritar askok independentzia zergatik nahi duten esplikatzea, demagun, San Franciscoko bati edo Chicagoko bati. Estatuak indarkeriari eusten diolarik eta independentziazale guztiek bide politiko hutsen alde egin dutenetik, errazagoa baita argudioen bataila.
Handik eta hemendik
Argudioak opari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu