Familia medikuarekin hitzordua 08:42an jarri zidaten: nahastuta ala kapritxoa? Hurrengoan, 09:46rako eman zidatenean ordua, ulertu nuen ez zegoela ez nahasketarik ezta kapritxorik ere, praktika normala zela hori. Ez dakit zenbat denborako tartea kalkulatzen duen Osakidetzak paziente bakoitzeko, baina garbi dago ondo estutu dituztela kontsultak.
Eskerrak zuhurkeria hori gainditzen dakien medikua daukadan; esplikazio zientifikoak ematen dituen horietakoa da, ondo doitutako dosietan eta modu ulergarrian, eta, gainera, euskaraz. Egia esan, suertea eduki dut aspaldi honetan familia medikuekin; euskal hiztunak izan ditut azkeneko hirurak, hizkuntzakide izatearen konplizitatea sentiarazten dizuten horietakoak; emakumezkoak hirurak.
Azken doktore honek agian euskaraz egin ahal izango zituen medikuntzako ikasketak; ez osorik, dena dela, ezinezkoa baita hori Euskal Herriko Unibertsitatean. Medikuntzako ikasleen Eutsi plataformak egindako diagnosian, hasteko, euskarazko lerroa trabatzen duen gurpil zoroa azaltzen zaie: behar lukeena baino ikasle gutxiago matrikulatzen da euskarazko lerroan. Selektibitatea hirutik bik egiten dute euskaraz, baina medikuntzan hirutik batera jaisten da ikasketak euskaraz egiteko matrikulatzen direnen proportzioa. Zergatiak? MIRa derrigorrean gaztelaniaz egin beharra eta irakasle euskaldunen urritasuna. Eta horrela, exkaxia-k exkaxia betikotzen du.
Eutsi plataformak diagnositik aurrerako pausoa eman, eta euskarazko apunteak bildu eta partekatzeko banku moduko bat antolatu du; horren eragile eta onuradun dira, ez bakarrik ikasleak, baita euskaraz jardun nahi duten irakasleak ere; gaztelaniaz esanda, de la necesidad virtud egin dute. Izan ere, medikuntzako ikasgaiak euskarara ekartzea ez da, berez, helburu makala, baina horretarako jarri duten bideak—auzolanean aritze horrek— are eta baliotsuago bihurtzen du ekimena.
Hori, albiste ona; ze ifrentzua beste hau da: nolatan Euskal Herriko Unibertsitateak ez du lortu oraindik medikuntzako ikasketak euskaldun bihurtzea? Horren diagnosia ere eginda daukate Eutsikoek, puntuz puntu. Eta haiena baieztatu eta laburbiltzera dator Iñigo Jaka —medikua bera eta Donostiako Onkologikoko kudeatzailea izana hogei urtez—. Jakak «unibertsitatea endogamikoa» izateari leporatzen dio ezintasun hori, eta nabarmentzen du lehentasuna «gaztelania-hiztunen interesei» eman zaiela. (BERRIA, 2015-02-17).
Aterako da orain norbait esanez berak mediku ona nahi duela, bost axola hizkuntza. Eta hor dator beste doktore bat, Aitor Montes familia medikua, egunkari honetan behin eta berriz azaldu duena mediku on/mediku euskaldun dilemaren faltsutasuna: «...kalitatezko osasun zerbitzua pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena baita, edo beste era batera esanda, kalitatea eta hizkuntza banaezinak dira». Izan ere, «...pazientea da ardatza, erdigunean kokatu behar dena, eta ez medikua». Hori —dio Montesek— Munduko Osasun Erakundeak onetsitakoereduari jarraituz. (BERRIA, 2015-11-19).
Utzi berri du Jabier Agirre medikuak Argia-n urteetan argitaratu duen osasunari buruzko atala; medikuntza arloko lehen dibulgatzaileetakoa izan da euskal munduan; harekin batera, Julian Bereziartua beteranoa Euskadi Irratian eta, gerora, Felix Zubia. Aitzindarietan, Jean Etxepare (1877-1935) sendagile eta idazlea azaltzen da; bokazio sendokoa, inondik ere. Mediku xaharrak gazteari artikuluan (Buruxkak, 1910) dioena oparituko diegu Eutsikoei, animoa hauspotze aldera: «Medikuntza duk/n ofizioetan ederrena».

ARKUPEAN
Ofiziorik ederrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu