Altsasu eta arerioaren irudia

Miren Arizmendi Gonzalez
2016ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan den ekainean egin zuten Donostian Justizia Konpontzaile eta Terapeutikoaren Europako Batzarra, eta, han, ezinago argi laburbildu zuen kontua Esther Gimenez-Salinas i Colomer Zuzenbideko doktoreak: «Bizi garen gizarte honetan, kulturagatik kartzelatzen da, ez delituengatik. Zigor gaietarako politika zigortzaile bat dago. Gero eta gehiago dira giltzapetuak; ez, ordea, delituak». Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izandakoak nabarmendu du zigorraren kulturan murgilduak bizi garela denok ere, sustrai hertsagarri eta biolentoko kultura batean. Elkarren artean, bada gailen den kontzeptu bat: gizartearentzako arriskua. Frankismoaren garaitik heredatua izaki, «arerioari» ezarritako zigorrak gogortzea aldarrikatzen du.

Mendeetan, «arerioaren» irudiak lagundu egin du mundu osoan edonolako gehiegikeriak zuritzen. Halako perspektiba batean kokatuz gero, erraz samarra da aurrez aurre dugun hori gizatasunaz gabetzea, bai eta edozein eskubide oinarrizkoz eta sentitzeko ahalmenaz ere gabetzea. «Ustezko mehatxu batetik babestearren», ia edozertarako gauza izan gaitezke azkenean.

Zoritxarrez, urte gehiegitan dihardugu zigor, herra eta mehatxu —txarto justizia deritzon— lenteen bidez begiratzen. Denbora gehiegi gabiltza alferreko minez eta oinazez. Iduri du, are, estu eta larri gabiltzala hurrengo belaunaldietakoei ahalbide onuragarriagoren bat eskaintzeko ere. Askoz ere errespetuzkoagoa izango den kultura bat landu beharra daukagu lehenbailehen, pertsonen arteko lotura jasoko duena, eta gizakia garatzeko eta gatazkak modu onuragarrian kudeatzeko gai dela sinesten duen bat.

Aste hauetan, Nafarroako Altsasu herrian kokaturiko albiste baten berri ekarri dute hainbat hedabidek. Eta askoren arreta bereganatu badu ere, jendearekin mintzatu ondoren, ez dirudi argi dagoenik zer gertatu zen zehazki. Zalantzarik ez dago, baina, pertsona bat —lanbidez, guardia zibila— ospitalean artatu behar izan zutela egin zizkioten erasoengatik. Argi eta garbi, halako edozein ekintzak min eta oinaze handiagoa sortzen laguntzen dute, eta inondik inora ere ez elkarbizitza baketsu bat eratzen.

Pentsatzen dut gertakari horretan parte hartu dutenetako bakoitzak nahikoa argudio izango duela bere jokabidea zuritzeko. Oro har, oso iaioak izan ohi gara geure hutsak txikiesten, eta, alderantziz, inorenak handiesten. Halako egoera bat irauli ahal izateko, Kristian Herbolzheimer kontalari eta bakegileak behin eta birritan esana duenez, irten egin behar dugu «geure konfort esparrutik», eta elkarrengana hurbiltzeko eta elkar ulertzeko bestelako moduak saiatzen hasi.

Alde horretatik, laidogarria da azkenaldi honetan gertaturiko kartzelatzeen modukoak gertatzea gaur egun. Ahots askok argi daukate neurriz kanpoko neurria izan dela. Bakearen kultura barren-barrenena errotu behar zaigu gizon eta emakume guztioi, elkarbizitza errespetuzko eta integratzaile bat garatuko badugu. Eta ulertzekoa da erakundeek erreferente bihurtu nahi izatea alor horretan, eta alternatiba aberasgarriak eskaintzea gizarteari, harreman asegarriak eta onuragarriak sortzen eta halakoei eusten ere laguntzeko.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.